“Argiñetak Goi Erdi Aroko herritarrak noiz eta nola bizi ziren jakitea ahalbidetu du”

Baskonia. Bitarteko lurra erakusketa bisitatzeko aukera dago, maiatzaren 30era arte, Elorrioko kultur etxean. Iñaki Garcia Camino erakusketako komisario eta Bizkaiko Arkeologia Museoko zuzendariak (Muskiz, 1958) eman ditu Argiñetako azterketetan egiten ari diren aurkikuntzei buruzko xehetasunak.

Zer ondorioztatu duzue baskoien bizimoduari buruz Argiñetan eta beste indusketa batzuetan aurkitutakoagaz?

Erakusketa sortu dugu, hogei urte hauetan arkeologiak ezagutza eta informazio ugari ahalbidetu dituelako. Erdi Aro aurreratura arte, Elorrio XIV. mendean sortu arte, esaterako, herrialde honetako bizilagunak ia aurrehistorian bezala bizi zirela uste izan da.

Sistema ekonomikoaren oinarria abeltzantza ibiltaria zela uste zen. Euskal herritarrek gizarte atzeratu eta marjinal baten ereduari jarraitzen ziotela uste genuen eta erritmo historiko europarretatik aldendutako gizarte bat zela.

Eta ez al zen horrela?

Ez. Iturririk ia ez zegoelako uste genuen hori. Idatzitako iturri gutxi batzuk bazeuden; frankoen eta bisigodoen kronikak matxino baskoiei buruz egiten zuten berba, eta bortitz eta kulturarik gabe modura deskribatzen zituzten. Egia da, noizean behin, goseteetan murgilduta zeudenean, iraupena arriskuan zegoenean, Akitaniako zein Ebroko haranetara jotzen zutela elikagai bila, erasoan.

Baina iturri arkeologikoek ez zuten inongo informaziorik ematen. 1987an, ordea, dena aldatu zen: Aldaietako nekropolia aurkitu zen, Araban. Bertan aurkitutako materialek ez zuten zerikusirik ordura arte Iberiar Penintsulan ezagututakoagaz, ezta historiaurrekotzat jotako gizarte horietan aurkitzea espero genuenagaz ere.

Zer aurkitu zenuten?

Besteak beste, Alemaniatik inportatutako beirazko edalontziak, brontzezko lapikoak, frankoen artean ohikoak ziren borrokarako aizkorak, Akitanian presente dagoen teknika bategaz dekoratutako gerrikoen belarriak eta lantza punta ugari.

Aurkikuntza horiek aldarazi egin digute baskoiei buruz geneukan irudia. Gizarte dinamikoa zen, Europatik etor zitekeenari zabaldutakoa eta modu aktiboan parte hartzen zuena Europako historian.

Arabako aztarnategi horretan jasotako informazioa berresteko modurik izan al duzue Argiñetan?

Aurkitu zenean, Aldaietakoa kasu bakarra zela uste izan zen. Han ehortzitakoak gudu batean hildako frankoen armadako kideak zirela uste izan zen. Handik gutxira, ordea, aztarnategi gehiago atera ziren. Bizkaian, adibidez, Finaga inguruan, Basaurin; baita Santimamiñen ere, Kortezubin, ermita inguruan.

Nekropoli horietako harrigarriena da hildakoak jantzita eta euren gauzekaz lurperatu zituztela: gerrikoak, eraztunak, armak zein ofrenda batzuk, besteak beste, brontzezko kaikuak, beirazko edalontziak… Horrek guztiak ez zuen zerikusirik Iberiar penintsulan ohikoa zenagaz.

Hildakoak zein objektuekaz ehorzten zituzten, bai; baina jakin al daiteke zergatik egiten zuten hala?

Teoriak badaude: prestigioa, boterea eta autoritatea erakusteko modu bat zen. Hildako guztiak ez zituzten ehorzten objektu horiekaz guztiekaz; familia garrantzitsuenetako kideekaz izaten zen ohitura hori. Ehorzteko unea komunitate osoari hildakoaren gizarte maila erakusteko erabiltzen zuten. Boterearen eszenifikazioa egiten zuten.

Nondik zetorkien botere hori?

Mugen arteko lur batean bizi ziren garai hartan. Hortik datorkio izenburua erakusketari. V. mendean desagertu egin zen Erromatar Inperioa. Haren hondakinetatik erreinu berriak sortuz joan ziren. Erreinu frankoa eta bisigodoa ziren boteretsuenak. Lur eremurik handiena lortu zuten. Baina beste erreinu batzuk ere izan ziren, sarri ahazten diren arren. Zergatik? Justifikatu egin gura dutelako Espainia nazio gisa bisigodoen erreinuaren barruan.

Erreinuen artean proiektu batzuek arrakasta izan zuten eta beste batzuek porrot egin zuten. Baskoiak bor-borrean zeuden testuinguru horretan.

Emakumeen zeregina zein zen argitzerik izan duzue, esaterako?

Zaila da. Argi dago lan garrantzitsua zutela. VI. eta VII. mendeei buruz dokumentazio gutxi dago. Andre batzuk azaldu dira apaingarriekaz, beraz, gizartean esanguratsuak ziren. IX. eta X. mendeetako agirien arabera, egiteko garrantzitsua zuten; hurrengo garaietan izango zutena baino garrantzitsuagoa.

Bizkaiko Arkeologia Museoan zein ikerketa edo indusketa garrantzitsu darabiltzazue?

Argiñetakoa da garrantzitsuena. Joan den astean hasi genituen indusketok. Ekaina bukaerara arte ibiliko gara. Beraz, oraingoz ezin dugu aurreratu ezer.

Hirugarren kanpaina da hau. Azkena izango dela uste dugu. Aurrekoetan lehenengoz dokumentatu ahal izan ditugu Bizkaian VIII. mendeko herrixka bateko etxebizitzak. Hilerria ezagunagoa zitzaigun. Hain zuzen, ondo baino hobeto genekien Goi Erdi Aroan herritarrak non ehorzten zituzten; euren bizimoduari buruz, ordea, ezer gutxi. Argiñetak herritarrok non bizi ziren jakitea ahalbidetu du. Non bizi ziren jakinda, errazago ezagut dezakegu horien bizimodua.

Zer esan dezakezue bertako bizi ohiturei buruz?

Etxeak egurrezkoak ziren. Labeak zituzten. Garia biltzeko siloak erabiltzen zituzten. Garai hartako gizartea abeltzaina zela uste bazen ere, indusketa honek erakusten du nekazaritza ere ezagutzen zutela.

Ondorio horiek ateratzeko baliagarria izan da Argiñeta. Hala ere, beste indusketa batzuk ere baliagarriak izango ziren, ezta?

Argiñetakoaz gain, Bizkaian ezagutzen den herrixka bakarra Gorlizkoa da, eliza inguruan sortutakoa da. Gehiago egon dira, baina indusketa arkeologikoa bertan baino ez da egin oraingoz. Argiñetakoa ez bezala, gaur egunera arte iraun du herrixka hark. Argiñetaren kasuan, San Agustin Etxebarriak bereganatu zuen, XI. mendean.