Sendagairik eraginkorrena

“Edozertarako sendagaiak hartzeko ohitura itzela dugu. Kolesterola dugula? Pilulak. Tentsio altua dugula? Pilulak. Baina, mediku egoiliar nintzen garaian, azterketan sendagairik indartsuena zein den galdetu ziguten, eta erantzun zuzena ariketa eta elikadura osasuntsua aipatzen zituena zen”. Areetako osasun etxeko familia medikua da Unai Perez. Kirolaren garrantzia azpimarratu du. “Agian, beti ez digu sendagaiak hartzea saihesten lagunduko. Izan ere, behin hasita kentzea oso zaila izaten da. Baina osasun egoera nabarmen hobetuko dugu. Eta oraindik hartzen ez dabilenarentzat prebentzio neurririk onena da”. Gehiegizko pisuari aurre egin, diabetesa, kolesterola edo tentsioa kontrolpean izan, antsietatea baretu, mugikortasuna mantendu… Makina bat onura dakartza, baina asko dira ariketarik egiten ez dutenak. Horregatik, botiken ordez, edo haien osagarri, kirola errezetatzen hasi dira Getxon. 2014ko Europako Kirol Hiri izendapena jaso du, eta martxan jarri duten egitasmoetako bat da kirol errezeta. Osakidetzak eta Getxo Kirola udal erakundeak bultzatu dute, elkarlanean.

Orain dela ia zortzi hilabete hasi ziren buruari bueltak ematen. Gorka Zabala Getxo Kiroletako kirol teknikariak azpimarratu duenez, oraingoz proba fasean daude. “Kirola eta osasuna uztartuko zituen ekinbide bat nahi genuen, eta Osakidetzara jo genuen”. Duela hilabete eman zuten lehen errezeta, eta daborduko hamasei pazientek parte hartu dute. “Balantzea ezin hobea da. Oso pozik gaude, bai gu eta bai parte hartu dutenak”, diote Zabalak eta Perezek.

Orain artean Osakidetzako lau behargin ibili dira errezetak banatzen; osagileak eta erizainak. Hilabete aldaketarekin, udalerrian dauden osasun zentro guztietara zabaldu dute egitasmoa. Beraz, gutxi gorabehera, aurrerantzean berrogei bat profesional izango direla azaldu du Zabalak. Osasun sailburu Jon Darponek iragarri duenez, Getxon lortutako emaitzen arabera Bizkai osora, Arabara eta Gipuzkoara ere zabalduko lukete gerora: “Kirola oso garrantzitsua da gaixotasun kronikoak dituztenen kasuan. Adinean aurrera joan ahala, autonomia ez galtzen laguntzen du”. Gainera, edadetuen artean harremanak sortzeko eta bakardadeari aurre egiteko ere baliagarri dela gogorarazi du Darponek.

Prozedura “erraz-erraza” dela dio Perezek. “Ohiko errezetetan egiten dugun antzera, hauetan ere ordenagailuan orritxo bat bete behar dugu medikuok. Gaixoarengan zein onura lortu nahi ditugun idazten dugu. Esate baterako, pisua galdu. Izan ere, konfidentzialtasunagatik, ezin dugu zein gaixotasun duten esan. Eta, era berean, zein arazo dituzten ere azaltzen dugu. Adibidez, edo belauneko mina duela, edo osteoporosia daukala”. Errezetaren beheko aldean Getxo Kiroletako telefono zenbakia ageri da. Pazienteak hara deitu eta hitzordua eskatu behar du, kirol teknikariagaz elkartzeko.

“Gugaz elkartzen denean, medikuak idatzitakoa irakurtzen dugu. Eta elkarrizketa bat ere egiten diogu. Zein zaletasun dituen, aurretik inoiz kirolik egin duen, zertan ibili izan den, zein ordutegi duen, Getxo Kiroletako bazkide den eta enparauak galdetzen dizkiogu”, azaldu du Zabalak. Horren arabera, bakoitzari ondo datorkiona aholkatzen diote. Bazkide direnei kiroldegietan egin ditzaketen ariketen berri ematen diete. Hirurehundik gora dituzte aukeran. Baina ez da ezinbestekoa bazkide izatea. Ez denak ezingo du eskaintza horretaz gozatu, baina teknikariek bestelako aukera batzuk proposatuko dizkiete; hala bakarrik egin ditzaketen ariketak, nola Getxoko Udalak antolatzen dituen doako jarduerak. Kasurako, asteburuetan Getxo Aktibatu programako ekintzetan parte hartzera gonbidatzen dituzte. “Askotarikoak dira, eta guztiak, doakoak: yoga, tai txi eta autodefentsa, adibidez”.

Adinekoei eta inoiz kirolik egin ez dutenei hastea gehiago kostatzen zaiela aitortu du Zabalak. “Baina lasai egon daitezke. Bakoitzaren egoera zein den kontuan hartzen dugu, eta horren araberako ariketa proposatzen diogu. Poliki-poliki eta suabe has daitezke. Bakoitzak ahal duena egingo du”.

Tratemendu guztietan bezala, honako honetan ere jarraipena egingo da. “Gomendatutako ariketak egiten dituen eta zelan doakion begiratuko du teknikariak. Medikuok espero genituen emaitzak lortzen ari garen kontrolatuko dugu. Hala ere, zaila da neurtzen. Zer neur daitekeen eta zer ez aztertzen ari gara. Pisua galdu den erraza da jakiten. Baina, adibidez, tentsioa duenaren kasuan, ezin da jakin kirolagatik izan den”, azaldu du Perezek.

Gainera, sendatzeko ez ezik, bizitza eredu bat finkatzeko ere baliagarri dela uste du. “Esfortzuaren bidez helburuak lortzen irakasten du. Ni betidanik izan naiz kirolari amorratua, eta esango nuke naizena kirolari esker naizela. Diziplinatua izatea eskatzen du, eta horrek asko laguntzen du bizitzako beste zenbait arlotan ere. Gogobete egiten du norberak bere eginahalaren bitartez nahi duen hori lortzeak”.