Oihana Bartrak eta Igor Meñikak irabazi dituzte, hurrenez hurren, Hego Uribeko eta Arratiako bertsolari txapelketak. Biek ala biek Bizkaiko txapelketarako sailkatu dira. Asteburuan lehiatu dira bi eskualdeotako finalak; lehenengoa, zapatuan, Bilboko Hika Ateneoan; bigarrena, Igorreko Lasarte aretoan, domekaz.
Zapatuan, 50 bertsozale inguru elkartu ziren Hika Ateneoan. Arkaitz Zipitria, Axier Goñi, Joseba Barandiaran, Peio Ormazabal, Txaber Ormazabal eta Bartra bera aritu ziren lehian. Buruz burukoan Joseba Barandiaranen kontra kantatu zuen bilbotarrak.
Txapela lortzeko 390 puntu eskuratu zituen Bartrak. 30 puntutara geratu zen Barandiaran; 359,5 puntu eskuratu zituen. Atzetik izan zituzten Txaber Ormazabal (233,5), Peio Ormazabal (230 puntu), Zipitria (215 puntu) eta Goñi (211).
Igorren ikusmin handia sortu zuen Arratiako Bertsolari txapelketaren finalak. 65 bertsozale elkartu ziren Lasarte aretoan. Arazo pertsonalak tarteko, azkenean lau bertsolari lehiatu ziren bakarrik. Buruz burukoa, bada, Iñaki Iturriotz Zuluagaren kontra jokatu zuen Meñikak. Finala bukatutakoan 365,5 puntu jaso zituen Meñikak. Iñaki IIturriotzek 358,5 puntugaz amaitu zuen saioa. Illart Gumuziori 205 eman zizkioten. Irato Astondoak, berriz, 204,5 jaso zituen.
Futbola eta Ibilaldia
Domekan Athleticek eta Realak derbia jokatuko dutela eta, bi futbol taldeen fundazioek antolatuta, bertso derbia egingo da gaur iluntzean BBK Aretoan. Athleticen taldea Onintza Enbeitak, Arkaitz Estiballesek eta Jon Maiak osatuko dute. Realarena, berriz, Andoni Egañak, Unai Agirrek eta Amets Arzallusek. 20:00etan hasiko da eta sarrera doakoa da.
Eta gaur zortzi bertso trama musikatua egingo dute Gernika-Lumoko Elai-Alai aretoan, 20:00etan, Ibilaldiaren aurreko ekitaldien barruan. Josu Goikoetxearen gidaritzapean Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga ariko dira. Haimar Arejitaren gitarraren doinuek lagunduko dituzte. Sarrerak daborduko salgai daude, zortzi euroan.