Kontzertuak elizetan

Eleizetan jaialdia 15. aldiz abiatuko dute bihar, Zornotzan. Ganbera musikaren alorrean egun dagoen saio berezienetako batez gozatzeko aukera izango dute estilo hori gustuko dutenek, bihar hasi eta maiatzaren 25era bitartean. Baselizetan eta landa elizetan eskainiko dira kontzertuak. Hain zuzen, horri da programa horren berezitasuna: kokalekua bera.

Aurtengo programazioari dagokionez, bost musika saio eskainiko dituzte, bariku, zapatu eta domeketan. Asteburuan egingo dute estreinaldia. Antolatzaileek doako autobus zerbitzua antolatu dute kontzertuetara joateko. Gudari kaleko geltokitik aterako da, kontzertuak hasi baino ordu erdi lehenago; Bernagoitiko saioaren kasuan, 45 minutu lehenago egon beharko da.

1. Bihar

Laura eta Giannak osatutako Caronni Ahizpak bikoteak emango dio hasiera aurtengoari, 20:00etan, San Pedro Boroakoaren baselizan.

Batak klarinetea jotzen du; besteak, txeloa. Horrez gain, biek abesten dute. Haien arteko “doinu sinbiosiak magnetismo xarmagarria” sortzen duela azaldu dute antolatzaileek.

Euren estiloa definitzeko orduan, ordea, zehatz esaterik ez dagoela deritzote. Hain zuzen, diziplina klasikoaren eta Argentinako kantu eta musika tradizionalen arteko nahastea dute. Poesiaz, liluraz eta fintasunez ez ezik, malenkoniaz, urraketaz eta herriminaz betetako errepertorioa aurkeztuko dute.

2. Maiatzak 16

Botxo Boogies laukoteak egingo du kontzertua datorren barikuan, Dudeako San Migel baselizan. Arratsaldeko zortzietan ekingo diote saioari. Bizkaiko Swing-boogie taldeak Juan Crisostomo Arriaga konpositorearen omenez egituratutako kontzertua eskainiko du.

Musika klasikoaren eta jazzaren arteko nahasketa eramango dute agertoki berezi horretara. Hala ere, Arriagaren lanaren esentziari tinko eutsiko diote.

3. Maiatzak 18

Txekiako Barocco Sempre Giovanne ganbera taldeak eskainiko du kontzertua datorren zapatuan, 12:00etan, Etxanoko Andra Mari elizan. Josef Krecmerren zuzendaritzapean ariko da Iva Kramperova bakarlaria.

Ganbara musika talde hori 2004. urtean sortu zuen Krecmer biolin jotzaileak, eta handik gutxira lortu zuen arrakasta. Entzuleek eta kritika espezializatuak goraipatu egin zuten. Barrokoko konposizioak interpretatzen dituzte bereziki, bestelako estiloak eta garaiak baztertu gabe.

4. Maiatzak 24

Xabier Zeberio nyckelharpa jotzailea eta Pello Ramirez akordeoi jotzaileak osatutako bikotea ariko da, hilaren 24an, San Bartolome elizan. 20:00etan emango diote hasiera saioari. Esperimentatzeko nahiak eta sorkuntzarako aukera berriak bilatzeko grinak eraginda, beraiek egindako lanen eta folklore gaien bertsioek osatutako errepertorio askotarikoa aurkeztuko dute.

5. Maiatzak 25

Manuel Francok —akordeoia—, Jorge Ramonek —klarinete baxua— eta Juan Luis Royok —klarinetea eta errekintoa— osatutako Trivium Klezmer taldeak eskainiko du aurtengo azken kontzertua, hilaren 25ean, Bernagoitiko San Migel elizan, 12:15ean. Aragoiko musikari taldeak bere bigarren lana aurkeztuko du, Ekleztico izenekoa.