Europako Kirol Hiria da Getxo aurten, beste 16 hirirekin

Aces Europa elkarteak urtero hainbat hiri aukeratzen ditu, kirol arloan egiten duten lana saritzeko asmoz. Aurten, 25.000 eta 50.000 biztanle arteko kontinenteko hamazazpi hiri aukeratu dituzte. Horietako bat da Getxo. Saria nori eman erabakitzeko, hainbat irizpide hartzen dituzte kontuan: adin guztietako herritarren artean kirolaren bidez osasuna hobetzeko egindako ahaleginak, lehiaketen eta ekintza parte hartzaileen antolaketa, kirolaren sustapenerako programak, ariketa fisikoaren bitartez gizarteratzea eta integrazioa bultzatzeko egitasmoak eta hiriak dituen kirol azpiegiturak. Izendapena lortzen dutenek doako kirol ekintzen egitaraua prestatu behar izan dute urte honetarako.