Batasunaren mendeurrena

Domeka izan zen 1914ko ekainaren 19a. Mungiako eta eskualdeko baserritarrak elkartu ziren arratsalde partean. Deustuko Unibertsitateko irakasle ziren hiru jesuitak berbaldia egin zuten guztien aurrean. Baserritarren sindikatu batek zelango onurak ekarriko zizkien azaldu zieten. Besteak beste, elkartuta indartsuagoak izango zirela esan zieten. Nekazarien beharrak asetzea eta egoera hobetzea zen asmoa. Sekulako harrera lortu zuen haiek esandakoak, eta ekitaldia bukatu zenerako 140 kide zituen erakunde sortu berriak. Hala jaio zen Mungiako Baserritarren Sindikatu Katolikoa.

Eguenean ospatuko dute mendeurrena, San Isidro egunez. Egoitzan bertan egingo dira ekitaldiak: meza, herriko abesbatzaren kantaldia, bertso saioa eta herri bazkaria izango dira, besteak beste. Eskualdeko baserritarrak ez ezik, sindikatuarekin hartu-emana izan duten erakundeak eta agintariak ere gonbidatu dituzte. Eta Jose Etxegarai Arostegi historialaria ehun urteek emandakoa biltzen ibili da, liburu batean argitara emateko.

Berez kooperatiba den arren, 1906ko Espainiako Nekazaritza Sindikatuaren Legearen babesean sortu zela ekarri du gogora Etxegaraik. “Hortik datorkio sorrerako izena, eta, oraindik ere, mungiar askok sindikatua esaten diote”. 1950eko hamarkadaren hasieran aldatu zuen izena: Mungiako San Isidro Nekazaritza eta Abeltzaintza Kooperatiba. Hain zuzen ere, orduan inauguratu zuten Elorduigoitia kaleko egoitza; eta han egon ziren harik eta gaur egun ferialekuan daukaten pabiloia estreinatu zuten arte 2001ean. Ordutik, Gurelur da Mungiako baserritarren kooperatibaren izena.

XX. mende hasieran, makina bat herritan sortu ziren halako kooperatibak. Askok iraun dute. Bizkaian hamazazpi daude, eta, Arabakoekin eta Gipuzkoakoekin batera, Euskadiko Nekazari-elikagaien Federazioa osatzen dute. Gaur egun, Mungiakoak baserrirako produktuak eskuratzen ditu, gero baserritarrei merkatuan baino merkeago saltzeko. Baina, hasieran, zeregin gehiago zituen. Kasurako, baserritarrek aldarrikapenetarako zuten bitarteko nagusia zen. “Sindikatuaren presioari esker, Butroi ibaia birbideratzea eta Oinarrizko Lanbide Eskola lortu ziren. Gainera, nekazaritza asegurua, pentsioa edo gaixoaldia bideratzen ere laguntzen zieten baserritarrei. Aurrezki kutxa ere sortu zuten”.

Baserrian andreak gehiago diren arren, berandu arte ezin izan dira sartu ardura postuetara. Zazpi gizonek osatu zuten lehen zuzendaritza. Ehun urteotan hiru ekitaldi arrakastatsu antolatu dituzte: 1933ko Baserritarren Eguna, 50. urteurreneko jaia eta 1974an Baserritarren oroitarriaren inaugurazioa. Hainbesteko jendetzarik espero ez arren, baserritar mordoa bildu nahi dute mendeurrenerako.