Zabalik egon zen urteetan, Euskal Herriko handiena izan da Bilboko hiltegia: 23.000 metro koadro zituen eraikinak. Askok “bilbotarkeriatzat” zuten, “neurriz kanpokoa” zela iritzita. Bertako beharginek, ordea, lana “sobera” zegoela zioten. “Kudeaketa txarrari” leporatu zioten egoera ekonomikoa. Zorrek erabat itota, 2010eko apirilaren 9an itxi zuten. Egun hartan hil zituzten azken abelburuak: berrehun izan ziren.
Eusko Jaurlaritzatik bultzatutako Gurokela sozietateak kudeatzen zuen azken urteetan. Bilboko Udalari alokairua ordaindu behar zion, eta 468.000 zen urteko errenta. Azken urteetakoak ordaintzeke zituen, eta beste hainbat tasa eta zerga ere bai. 2009ko udan ordainketak eten zituen, eta beharginek ere kobratzeari utzi zioten.
Hainbat harakinek kooperatiba bat sortu zuten, Bilboko Hiltegia izenarekin. Udalarekin negoziatzen ibili ziren. Iñaki Azkuna alkateak enpresa “indartsua” gura zuen; edo, bestela, kudeaketa Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritzaren esku geratzea. Azkenean, bi aukeretako batek ere ez zuen aurrera egin.