Aste Santua bukatuta joan zitzaizkigun opor egunak. Baina zergatik horrenbeste egun santu? Kristoren heriotza eta berpizkundea ospatu berri dute kristauek. Ni ere behin hil egin nintzen, eta ondoren berpiztu. Igandea zen. Sekulako parranda egin genuen bezperan, lo gutxi eta, badakizue. Orduan etxe batean bildu ginen kuadrilla guztia. Igande iluntzea eta ajea nahasten direnean, koktelik ederrena film bat ikustea da. Zein eta Tesis. Nik sekula ez ditut beldurrezko pelikulak maite izan, baina egun hartan, ez dakit zergatik, agian lagunartearen babesagatik edo beharbada gauak luze jo zuelako, edo auskalo zergatik, baina sofan botata beste lagunekin batera pelikula ikustera gelditu nintzen. Sekulako saltoak eman genituen sofaren gainean. Eskerrak manta neukala tarteka begiak estaltzeko. Itzelak ziren sentitzen nituen dardarak; bihotzak ohikoa baino abiadura handiago zeukan… eta, halako batean, filmaren une batean etxeko argia joan zen. Zast! Dena joan zen; berogailua, egongelako argia, eta, jakina, telebista ere bai. Isiltasuna nagusi zen. Inork ez zuen txintik ere esan. Baina lagunek isiltasunean eta ilunpean pantailari iltzaturik jarraitzen zuten; pelikula segitzen ariko balira begiratzen zioten pantaila ilunari. Geldi-geldi zeuden, oso intereseko zerbait begiratzen ari balira lez. Neu nintzen argiaren joana sentitzen zuen bakarra? Inor ez zen konturatu telebistaren etenaz? Nik ikusten ez nuenik ikusten ote zuten pantailan? Orduan izan nuen heriotzaren kontzientzia. Eta ez da egia hain hedatua dagoen mito hori: heriotzaren momentuan zure bizitza osoa bizkor batean pasatzen zaizunik. Neuri behintzat ez zitzaidan horrelakorik gertatu. Nire gorputzetik kanpo sentitu nintzen, gela hartatik kanpo. Ez nengoen bertan. Pentsamenduaren azkartasunak ikaratu ninduen. Lagunak euren bizitzekin jarraitzen ikusi nituen, pelikularekin jarraitzen sentitu nituen. Hila behar nuen; seguruen eurek Tesis madarikatua ikusten jarraitzen zuten, eta nik ez nuen ezer ikusten: hilda nengoelako. Hori ote zen zerua?, pentsatu nuen. Linboa…? Infernua…? Agian ni ere betiko iltzatuta geratuko nintzen bertan, izoztutako irudi batean ziegatuta. Iluntasunaren morroi. Eternitatea al zen hustasun hori, ezinegon hori? Eta non zen Jainkoa? Lagunak ez ziren konturatu, eta berrogei segundoko eternitatean hil egin nintzen. Hori omen da heriotza. Mundu honetan geratzen direnentzat bizitzak aurrera jarraitzen du, eta hilda dagoena horren guztiaren lekuko mutua da. Lagun baten irriak heriotzatik atera ninduen. Argia bueltatu eta lotarako bidea hartu nuen; nire heriotzaren filmak bukaera alaia izan zuen. Denok dugu Aste Santu bat ospatzeko. Eta maiatzeko lehenengo gehiegi.