Gerran hildako gudariak gogoratuko dituzte etzi, Bizkargiko erromerian

Larrabetzu, Muxika, Morga eta Zornotza artean dagoen 565 metroko mendia da Bizkargi. Maiatzeko lehen asteburuan Santa Kurtze eguna ospatzen dute tontorrean, urtero. Etzi ere bai. Eskualdeko gizon-emakumeak inguruko herrietatik letaniak errezatuz igo izan dira urte luzez, baselizan Gurutze Santuaren eguneko meza entzutera. 1936ko gerraren ostean, baina, bestelako esangura gehitu zaio ospakizunari. Izan ere, 1937ko maiatzean borrokaldi gogorrak izan ziren inguruan, eta hainbat gudarik galdu zuten bizia. Hala, diktadura garaian hura gogoratzeko aitzakia bihurtu ziren elizkizun eta erromeriak.

Etzi goizean ere meza eta omenaldia izango dira tontorrean, bakoitzaren aukeran. Arratsalderako, Larrabetzun, manifestazioa eta erromeria egitekotan dira. Azken urte bietan bertan behera utzi behar izan dituzte. Jaien aurreko egunetan debeku agindua iritsi zitzaien Espainiako Auzitegi Nazionaletik, ekitaldietan “terrorismoa goratzeko arriskua” egon zitekeelakoan. Epaileen esanetan, “1936ko gerrako gudarien aldeko ekitaldia hildako etakideak omentzeko” erabiliko zen.

Garrantzitsua izan zen Bizkargi 1937an. Bilbo errepublikanoa babesteko eraiki zen burdinazko hesiaren atzeko aldean zegoen. Txorierriko begiratokia ez ezik, hiriburua ikusteko gaina ere bazen. Eta, hortaz, balio estrategikoa zuen. Izan ere, mendebaldetik Gaztelumendirekin bat egiten baitu Bizkargik. Eta Gaztelumendi hautatu zuten frankistek gerrikoa apurtzen hasteko.

Maiatzaren 8an eman zuen frankisten bandoak Bizkargiko gaina hartzeko agindua. 11 egun iraun zuen borrokaldiak tontorrean. Indar frankistekiko erresistentziaren sinbolo bihurtu ziren Bizkargiko guduak. Izan ere, Euzko Gudarozteak hamasei aldiz kontraeraso zion gainari bi egunetan. Horietatik seitan, gailurra berreskuratzea lortu zuen. Hainbat batailoitako kideak izan ziren: jeltzaleak, anarkistak, komunistak, errepublikanoak, Jagi-Jagiak, eta baita asturiarrak ere. Guztira, hogei milizianok galdu zuten bizia. Gudaldi luzearen ondorioz, frankisten esku geratu zen Bizkargi, maiatzaren 19an.

Ekainaren 12an ekin zioten burdinazko hesia erasotzeari. Maiatzaren 28rako aurreikusi zuten, baina, eguraldi txarra zela eta, hamahiru egun atzeratu ziren. Hori da frankistek prentsan zabaldu zuten bertsioa. Burdinazko hesia nola apurtzen zuten ikustera Francisco Franco diktadorea bera Bizkargin egon zela zabaldu zuen ABC egunkariak 1937ko ekainaren 13ko zenbakian.

Ikurrinari omenaldia

Bihar ere jaieguna dute Larrabetzun. Ikurrinaren aldeko egun osoko egitaraua antolatu dute herriko hainbat eragilek. Goizean, lasterketa egingo dute Bizkargira. 11:00etan abiatuko dira. Horretaz gain, egun osoan, haurrentzako jolasak, dantzarien emanaldia, bertsolariak, luntxa, futbol partida eta kalejira egingo dituzte. 13:00ean, berriz, ikurrinaren aldeko eta Espainiako bandera jartzeko “inposizioaren” aurkako adierazpen instituzionala irakurriko du udalak.

Bizkaiko beste hainbat herritara bezala, udaletxeko balkoian ikurrinaren ondoan Espainiako bandera jartzeko agindua iritsi da Espainiako Auzitegi Nazionaletik Larrabetzuko Udalera ere. Horregatik egingo dute bihar ikurrinaren aldeko eguna.