Erralde berrirako finantzabide bila

Indar eta ilusio handiz sortu bazen ere, bertan behera geratu da Berrizen hiltegi berria eraikitzeko proiektua. Orubea Erralde elkartea osatzen zuten hamabost udalerriena bada ere, finantzatze arazoak dituzte proiektua gauzatzeko. Eusko Jaurlaritzagaz harremanetan jarraitzen dutela jakinarazi du Erraldeko presidente ohi eta Aulestiko alkate Mikel Ansotegik.

“Erralde likidazio prozesu batean dago”, ekarri du gogora. “Oraingoz, ez dago aukerarik hiltegi berri bat egiteko proiektua aurrera eramateko”. Baina Jaurlaritzan bertan “Bizkaian hiltegi baten premia dagoela argi” daukatela deritzo. “Beraz, zain gaude zein konponbide ematen diguten”.

Iaz hasi zituzten batzarrak, eta aurten ere elkartu dira Jaurlaritzako ordezkariekaz. “Lantzean behin batzen gara, baina kontua astiro doa. Bizkairako egin gura dutena oraindik definitu barik daukate. Hausnarketa une batean daudela uste dut nik: Zein eratako hiltegiak behar diren, non egin eta zenbat behar diren erabakitzeko”.

Erraldek aurrera ez egiteak Bizkaiak hiltegi barik jarraitzea esan nahiko lukeela dio Ansotegik. “Nik ez dakit oro har zein egoeratan dauden abeltzainak. Hala ere, nire ingurukoek esan didatenez, besteak beste, txahal bat hiltzeko bost ordu inguru behar dituzte. Izan ere, hiltegikoari harako bidaia egiteko behar duten denbora eta atoia muntatu, desmuntatu eta garbitzeko behar dutena gehitu behar zaio. Bideragarritasun ekonomikoari erreparatuta, bide hori ez dela egokiena diote”, azaldu du.

Horrez gain, abereak errepidean ibiltzeak okelan duen eragina ere ezin ahaztu daitekeela dio: “Okelaren kalitatean eragina dute bidaia horiek. Zenbat eta urrunago eraman, txahalen eta behien estresa areagotu egiten da”, adierazi du inguruan ezagutzen dituen hiruzpalau abeltzainen kontakizunak aipatuta. Bizkaian hiltegirik eraikiko den galdetzen diote sarritan. “Zestoara edo Oñatira eramaten dituzte animaliak, Gipuzkoara. Denbora asko behar dute horretarako. Animaliak eraman eta bi egunera berriz itzuli behar dute haragiaren bila”. Haren ustez, hainbeste traba gainditu beharrak jarduera uztera bultzatu ditu hainbat ekoizle txiki.

Jaurlaritzaren erabakien zain daude, beraz, abeltzainak eta Erralde elkarteko kideak. “Hilabete batzuen buruan eurengana gerturatuko gara berriz ere”, iragarri du. EHNE sindikatuaren bitartez bideratuko dute harreman hori, orain artean bezala. Azken batean, udaletako arduradunek jakin egin behar dute zer gertatuko den: “Guk lur batzuk dauzkagu, Berrizen hiltegi berria egiteko erositakoak. Bestetik, abeltzaintza Jaurlaritzaren eskumena da. Beraz, eurengandik zer ateratzen den ikusi gura dugu. Elkarlan hori mantendu beharrekoa da. Guk lurrak eta proiektua ditugu eta eurek eskumena eta gaitasun ekonomikoa: elkarlan horri eustea ezinbestekoa da”. Arazo nagusiena ekonomikoa bada ere, proiektua ondo aztertu beharrekoa dela uste du Ansotegik. Bideragarritasuna eta bestelako eremu guztiak ondo ikertu behar direla deritzo.

Bi urte Erralde gabe

Daborduko bi urte igaro dira Durangoko hiltegia itxi zutenetik. Berrizen hiltegi berria eraikitzeko lurrak erosi zituzten garai hartan elkartea eratzen zuten hamabost udalek. Orain, proiektu hori geldirik dago, aurrera egiteko dirua falta zaielako. Eta, gainera, 2,4 milioi euroko zorrari egin behar diote aurre, bakoitzak dagokion neurrian. “Aktiboa eta zorra, biak, neurrian ditu udal bakoitzak. Batzuek ordaintzeko modua izan dute; beste batzuek mailegu bidez egin dute. Baina lurrak Durangoko Udalarenak dira”.