Bilboko historia, eskura

Hiriburuko historia bertatik bertara ezagutzeko doako bisita gidatuak antolatu ditu udalak. Arkitektura eta historia aldetik duten balioa eta gizarte arloan egin duten ekarpena aintzat hartuta aukeratu dituzte eraikinak. Bilboko Erruki-etxe Santu eta Erreala, zezen plaza eta Basurtuko ospitalea dira txoko horiek.

Maiatzean erruki etxean egingo dira bisitak. Udalak gogora ekarri duenez, “Bilboko historiagaz lotutako” erakundea da berau. Hain zuzen, Athleticeko jokalarien lehoiak ezizenak eta futbol zelaiaren izenak San Mamesi —lehoiek irentsi zuten martiria— eskainitako kaperan dute jatorria. Izan ere, egoitzaren ondoan dago zelaia. Gaur egun zahar etxea da, baina 1774an pobreentzako aterpe gisa sortu zuten Zingira kalean. Mendea bete zuenean, handitu egin behar izan zuten, eta, ondorioz, baita lekuz aldatu ere. Zazpikaleak utzi zituen lehenengo ekipamendu soziala izan zen hura. Zabalgunera eraman zuten.

Eraikin neoklasikoa da, eta kutsu neobarrokoak ditu. Lorategi erromantiko batek inguratzen du. Antonio Goikoetxeak diseinatu zuen, eta Savoiako Amadeo I.a Espainiako erregeak inauguratu, 1872an. Bilbo handitzeko ardura izan zutenek eraikin aitzindari hori erreferentetzat hartu zuten gaur egun Kale Nagusia ixten duten kaleak antolatzeko.

Zezen plazarako bisita gidatuak, berriz, ekainean egingo dituzte. Jatorritik bertatik eremu hori erruki etxeagaz lotuta dago. Izan ere, sarreren bidez bildutako diru kopuruaren erdia ongintza erakundeari ematen dio.

1970eko hamarkadaren hasieran eraiki zuten plaza, sute batek kiskalitako aurrekoaren hondakinen gainean. 1882koa zen zaharra. 14.752 leku ditu, eta barruan, besteak beste, zezenei buruzko museoa eta plazara atera aurretik toreatzaileek otoitz egiten duten kapera daude.

Irailean, Basurtuko ospitalea

Udan ez da bisitarik izango. Atsedenaldi horren ostean, irailean Basurtuko ospitalea erakusteari ekingo diote. 1908an eraiki zuten, eta Ospitale Zibil Santua izena jarri zioten. Modernotasunaren eredu izan zen. Banakako pabiloiak dira ezaugarri nagusietako bat. Bilboko familia aberatsek eman zituzten dohaintzan, eta euren izenak dituzte.

Pabiloiak banaka eraikitzea berritasun handia izan zen garai hartan, osasungarritasun irizpideak hartu zituztelako kontuan. Izan ere, espezialitate bakoitzak pabiloi bat izateak saihestu egiten zuen pazienteek infekzioak harrapatzea.

Bisita gidatuetan lur azpiko pasaguneen egitura ezagutzeko aukera eskainiko dute. Pasagune horiek pabiloi guztiak lotzen dituzte. Agiriak leku batetik bestera bidaltzeko duten sistema pneumatikoa ikusteko modua ere izango dute bisitariek.

Parte hartu gura duenak aurretik izena eman behar du 010 zenbakira deituta. Bilbotik kanpo deituz gero, 94-401 00 10 zenbakira deitu beharko da. Bisitak euskaraz eta gazteleraz prestatu dituzte. Euskaraz egin gura duenak egun bakarra du horretarako: barikua. Taldean doazenek goizez egin behar dituzte, 10:00etan. Norbanako gisa doanak, bestalde, arratsaldez baino ez du bisita egiteko modua; 16:30etik aurrera, hain zuzen ere.

Gazteleraz aukera gehiago dago: astelehen eta eguenetan, 10:00etan eta 18:00etan. Eta martitzen eta eguaztenetan, 17:00etan eta 18:45ean. Gutxi gorabehera, ordu eta erdi irauten du.

BISITA GIDATUAK

Non. Erruki etxean, zezen plazan eta Basurtuko ospitalean.

Noiz. Maiatzean, ekainean eta irailean, hurrenez hurren.

Ordutegia, euskaraz. Barikuetan: 10:00etan, bisitak taldean egin gura dutenentzat; 16:30ean, norbanakoentzat.