Auzoetan euskara bultzatzeko, Darabilbo aurkeztu dute

Euskaltegi Sareak eta udalak Darabilbo 2.0 aurkeztu dute asteon: Bilboko auzoetan euskara praktikatzeko aukera gehiago zabaltzea du helburu. Euskara freskue, auzokue! leloa aukeratu dute bigarren aldi honetarako.

Darabilbo urtea bukatu arte martxan egongo dela azaldu dute sustatzaileek. Aurtengo berritasunen nondik norakoak azaldu dituzte: besteak beste, jarduna luzeagoa izango dela azaldu dute; hori dela eta, astero bi ekitaldi prestatu dituzte.

Jarduerei dagokienez, aurreko urtean bezala ekitaldi solteak egingo badituzte ere, azaldu dute beste batzuek tailer formatua hartuko dutela: “Leku finko batean egingo dira, eta programazio zehatza izango dute. Esaterako, trikota tailerra hamar saiotan egingo da Darabilbok irauten duen bitartean, eta egun bakoitzean zeregin bat egongo da: kakorratza, puntua, eskumuturrak gomegaz…”.

Besteak beste, kafe dastatzea, San Frantzisko eta hango meatzetako ibilbidea, perretxiko batzea, ardoa dastatzeko tailerra, liburuak josteko tailerra eta auzo baratze baten proiektua egingo dituzte hilotan. Aurreko edizioko ekitaldi batzuk aurten ere egingo dituztela adierazi dute. Jarduera horiek Bilboko auzo guztietan egingo dira. Edonork parte har dezake; izan ere, ekitaldi guztiak doakoak izango dira. Salbuespenak salbuespen, talde gehienak dozena bat lagunekin osatzea da antolatzaileen asmoa.