Bizkaian lanpostuak sortzeko Eskualdeak Suspertzeko Programak garatzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia. Eskualdez eskualde, lana sortzeko neurriak hartzen ari da. Iaz ipini zuen martxan lehena, Ezkerraldean eta Meatzaldean. Urtarrilean Enkarterriko plana abiatu zuen. Eta Hego Uribe eskualdera hedatuko du orain. Joan den martitzenean egin zuten programa aurkezteko bilera. Basaurin elkartu ziren eskualdea osatzen duten 11 udalerrietako alkateak eta Imanol Pradales Bizkaiko Ekonomia Sustatzeko diputatua. Bertatik bertara azaldu zien, bada, egitasmoaren berri: foru aldundiak 750.000 euro bideratuko ditu eskualdean langabezian dauden 125 herritar lan merkatuan sartzeko asmoz.
Arakaldo, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Urduña, Orozko, Ugao, Zaratamo eta Zeberio herriek osatzen dute Hego Uribe. “Krisiak asko zigortu du eskualdea, eta enpresa gehiegi itxi dira azken urteetan”, aitortu du Pradalesek. Basauriko Edesa lantegiaren itxiera jarri du diputatuak eskualdearen egoeraren adibide gisa. Azpimarratu du foru aldundiak enpresa ez ixteko hainbat neurri proposatu zituela. “Lanpostuak mantentzeko enplegu plana aurkeztu zitzaion Edesari. Finantzatzeko prest egon ginen. Eta Bizkaiko talde politikoen laguntza izan arren, Fagorrek eragotzi egin zuen. Ez zigun laguntzen utzi”.
Edozelan ere, sinetsita dago eskualdeak baduela etorkizunik. “Ilusioa eta motibazioa dugu Bizkaia eta eskualdea aurrera ateratzeko”. Bide horretan kokatu du Hego Uriberako diseinatu duten plana. Helburu bikoitza duela adierazi du diputatuak. Batetik, beharrizanik handiena duten pertsonak lan merkatuan sartzea. Eta, bestetik, negozio berriak udalerrietako enpresa ehunaren “bultzatzaile” berriak izatea. “Autoenplegua bultzatzeko bitartekoak eskaini nahi dizkiegu herritarrei”.
Laguntza eta prestaketa
Horretarako, eskualdean langabezian dauden 125 pertsonari prestakuntza eta laguntza emango diete: “Negozio plana egiteko eta euren enpresa martxan jartzeko prestakuntza emango diegu”. Programaren “onuradunak” langabezian dauden gazteak eta 25 urtetik gorakoak izango dira. Udalerriek, diputazioko teknikariek eta Dema foru sozietateak hautatuko dituzte parte hartuko duten 125 herritar horiek. Diputatuak azpimarratu du hautaketan “herritarren jarrera” hartuko dutela kontuan.
Prestakuntza faseak irauten duen hiru hilabeteetan 350 euroko laguntza jasoko dute hautatuek. Eta euren enpresa martxan jarri ondoren, 5.000 euroko diru laguntza emango die foru aldundiak. Pradalesek azaldu duenez, bere sailak eskaintzen dituen bestelako diru laguntza batzuekin bateragarria izango da.
Aste bi barru jarri nahi dute martxan ekonomia suspertzeko plana Hego Uriben. Bi fasetan garatuko dela azaldu du diputatuak. Lehenik, 63 herritarrekin, eta ondoren, 62rekin: “Hautatuak direnekin era pertsonalizatu batean garatu nahi dugu programa”. Izan ere, parte hartuko duten 125 horien %60k euren negozio propioa sortzea gura du foru aldundiak, diputatuak adierazitakoaren arabera.
Hego Uribeko biztanleen %21 daude langabezian gaur egun: “Oso eskualde zigortua da”. Pradalesek aitortu duenez, hori izan da Eskualdeak Suspertzeko Plana bertan martxan jartzera bultzatu dituen arrazoi nagusia: “Bizkaian egoera larriena duten eskualdeetan hasi gara. Ezkerraldea eta Meatzaldean abiatu genituen lehenik, eta Enkarterrietan gero. Horregatik gatoz orain Hego Uribera”.
Diputatuak iragarri duenez, datozen hilabeteetan zabalduko dute gainontzeko eskualdeetara plana. Hurrengoa Busturialdea izango dela azaldu du. “Bizkaian lanpostuak sortzea da foru aldundiak 2014. urterako duen erronka nagusia”.