110 lan kontratu sortuko dituen Enplegu Plana egin dute Santurtzin

Enplegu Plana aurkeztu du Santurtziko Udalak. Ekainean jarriko dute martxan, eta 2015eko maiatzera arte iraungo du. Egitasmoarekin, 110 lan kontratu sortu nahi dituzte, eta herrian dauden 39 enpresa babestu eta indartu. 807.149,19 euro bideratuko dituzte horretarako. Lanbidek 637.149,54 euro emango ditu, eta udalak jarriko du gainontzeko dirua. Herriko lantegiek, ikastetxeek, gizarte eragileek eta udalak osatu dute egitasmoa. Herriko ekonomia berpiztu nahi dute planarekin.

Ricardo Ituarte Santurtziko alkateak argi du planak ez duela langabeziaren arazoa amaiaraziko, baina bide horretan urrats garrantzitsua dela adierazi du. Hiru eremutan banatu dute plana. Batetik, lana aurkitzeko zailtasunak dituztenen enplegagarritasuna sustatzeko, bost eta sei hilabeteko 36 kontratazio zuzen egingo dituzte. Bestetik, lantegi berrien sorrera bultzatzeko, laguntza eskainiko dute. Aholkularitza lan horretarako, hiru lanpostu sortuko ditu, eta, horri esker, 34 negozio berri sortzea espero dute.

Herriko enpresei laguntza ekonomikoa ematea da planaren azken neurria. “Herriko lantegiei langabezian dauden herritarrak kontratatzeko laguntza ematea da helburua”, adierazi du Iturbek. Laguntza horrekin, 37 lan kontratu sortzea espero dute.