Sirena hotsak eta Santa Maria parrokia elizako kanpaien dilin-dalanak. Etortzear zegoenaren iragarleak ziren: bonbardaketa. 77 urte beteko dira bihar Gernika-Lumon zarata horiek nagusitu zirenetik. 1936ko gerrako bonbardaketarik ezagunena eta lazgarriena izan zen Euskal Herrian, baina ez bakarra. Aurrez abisua emana zuen Emilio Mola jeneralak: “Bizkaia desegin egingo dut”. Esan, eta egin. 1937ko udaberrian ekin zion Bizkaiaren aurkako erasoaldiari. 1936ko uztailean Otxandiori eraso bazioten ere, 1937ko martxoaren 31n abiatu zuen kanpaina, Durango eta Elorrioren aurkako bonbardaketarekin.
Erasoaldi orokorrago baten aurrerapena izan zen hura: hurrengo egunetan Bizkaiko hainbat herritarrek sufrituko zutenaren abisua. Izan ere, udaberriko hiru hilabeteetan hegazkinak nagusi izan ziren zeruetan. Euritsuak izateagatik dira ezagunak 1937ko udaberriko egunak, baina ez zen ura izan zerutik erori zen bakarra. Frankistek emandako zifra ofizialen arabera, 138 hegazkin aritu ziren Bizkaiko erasoaldian. Horietatik 48 ehiza hegazkinak izan ziren, beste 48 bonba hegazkin handiak, sei bonba hegazkin arinak eta 36 behaketa hegazkinak. Guztira, 162.000 bonba jaurti zituzten: 50 kiloko 24.300 eta 50 kilo baino gutxiagoko 134.600. Burdinazko gerrikoaren aurka egiteko jaurti zuten bonba kopuru handiena, ekainaren 12an: 6.850 lehergailu. Datu horiek aintzat hartuz, Bizkaiko fronteak iraun zuen 81 egunetan, 2.000 bonba jaurti zituzten frankistek egun bakoitzean. Bando errepublikanoak emandako datuen arabera, 1937ko apirilean 2.436 hildako eta 1.606 zauritu izan ziren Bizkaian bonbardaketen ondorioz.
Aireko indar armatuak izan ziren 1936ko gerran kolpistek izan zuten baliabide nagusia. Hegazkinen erasoez baliatzen ziren lurrean zituzten indar militarrekin aurrera egin ahal izateko. Horixe zen erasoaldien taktika: etsaien frontea bonbardatu, artileria bidali eta, ondoren, infanteria. Aurrera egiteko funtsezkoak izan ziren aire erasoak.
Bando bien arteko desoreka nabaria izan zen 1936ko gerran. Errepublikanoek Errusiatik iritsitako Polikarnov ehiza hegazkinak zituzten arren, kopuruan askoz gutxiago izan ziren. Eta 1937ko apirilaren 23rako, hegazkin bakarra zuen Euzko Gudarosteak. Frankistek, berriz, Alemaniako nazien eta Italiako faxisten laguntza izan zuten, aireko erasoak egiteko. Besteak beste, alemaniarrek gerra hartan estreinatu zituzten Junker 52, Junker 87, Heinkel 111 eta Messerschmitt 109 hegazkin modeloak. Su eragileak ziren hegazkinekin egindako lehen froga izan zen 1936ko gerra faxista eta nazientzat.
Lurrekoa airekoaren kontra
Maginot lerroa, altzairuzko gerrikoa, burdinazko gerrikoa edo herio gerrikoa. Hamaika izen eman zaizkio Bilbo defendatzeko eraikitako defentsa lerroari. Errepublikanoen erabateko uste ona zuten harekiko. Baina defentsa zaharkitu batean oinarritutako estrategiari jarraitu zioten haren eraikuntzarako: lurrean egindako lubakiak. Azken batean, baliabide gutxi eskaintzen zituzten airezko erasoetatik babesteko. Horretaz baliatu zen Francoren armada. Ekainaren 12an ordura arte ikusitako hegazkin kopuru handiena bildu zuen helburu bakarragaz: burdinazko hesia apurtzea. Ondoren Bilbo hartu eta herrialde osoa frankisten menpe izateko. 110 hegazkinek parte hartu zuten; 70 bonbaketariak.