Kondor Legioaz harago doan parte hartzea aztergai

“Francok Ju 52ari oroitarria altxatu beharko lioke”. Adolf Hitler Alemaniako diktadoreak esandako berbak dira. Garraio hegazkina da Ju 52a. Horiek erabili zituzten altxamendu militarreko kideak Marokotik penintsulara eramateko, Klaus A. Maier historia militarreko ikertzaile alemaniarraren arabera. 1936ko guduan alemaniarrek frankistei emandako laguntza ikertzen aritu da Maier 1980ko hamarkadatik hona, beste hainbat ikerlarirekin batera. Eta horren berri emateko ekitaldiak egin dira asteon Gernika-Lumon. Asteazkenean, Kondor Legioaren inguruko hitzaldia izan zuten. Astran, berriz, 1936-1937ko gerran nazien bidegabekeria, iragana eta oraina erakusketa dago ikusgai domekara arte.

Francisco Franco jeneral frankistak Marokon abiatutako altxamendu militarrak hasieratik jaso zuen alemaniarren laguntza. Horren adibide da Ju 52 garraio hegazkin alemanen erabilera. Baina garraio hegazkinak zirenak bonbaketariak izateko eraldatu zituzten denbora gutxira. Eta aire indarren erabilera hori erabakiorra izan zen 1936ko gudaren indarren desorekan. Historialari alemaniarren arabera, Alemaniako legioaren esku utzi zuen Francok iparraldeko frontearen aire gerraren zuzendaritza. Eta hori “alemaniarren esku hartzearen zuzeneko beste adibide bat da”, haren ustetan.

Alemaniako iparraldean dagoen Wunstorf hiriko aireko base militarrean sortu zen Kondor Legioa. Hannovertik gertu dago. Hango herritarrak ere Gernika-Lumon izan dira azken astean. Iaz, Wunstorfen egon zen atonduta apirilean Gernika-Lumoko Astran ikusgai egon den erakusketa. Orain arte isilpean gorde den historiaren pasartea jaso nahi izan dute horretan. Eta 1936ko gerran Alemaniako legioak izan zuen erantzukizunaren aitorpen ofiziala aldarrikatu nahi dute era berean.

Probak egiteko aukeratuta

Alemaniarrek hegazkin zein armak probatzeko baliatu zuten 1936ko gerra. Eta, horrez gain, “zibilen aurkako bonbardaketek gizartean eragiten zuten beldurraren eragina ere egiaztatu ahal izan zuten”, Maierren arabera. “Entsegu saioa” izan zen, hortaz, 1936ko gerra alemaniarrentzat.

Horren adibidea da Bigarren Mundu Gerran Poloniari eraso zioten hegazkinetan Kondor Legioko beteranoak instrukzio lanetan aritu izana. “Varsovia, Coventry eta Londresen izandako bonbardaketetan ere Gernikaren eta halako herrien bonbardaketak emandako esperientzia erabili zuten alemanek”, dio Maierrek. Baina probak egiteaz gain, bazituzten bestelako arrazoiak ere. “Ekonomikoki eta geoestrategikoki ere interesak zituen Alemaniak Espainian. Haien ikuspegitik, etorkizunean mundu mailan gerta zitekeen gerran kokapen estrategikoa zuen herrialde horrek Mediterraneoan”.