Sexu aholkularitza zerbitzua eskaintzen dute Bizkaiko hainbat udalek. Bestek beste, Zornotza, Bermeo, Erandio, Leioa, Portugalete, Sestao, Gernika-Lumo eta Sopelan dago zerbitzua, herri horietako gazte bulegoan. Kontsultak aurrez aurre, telefonoz edo sarean egiteko aukera ematen dute denek. “Sexua eta sexualitatea modu onuragarrian bizi ahal izateko orientazioa ematea da zerbitzuaren helburua”. Hala adierazi du Igor Erauzkinek, Guzu psikologia eta sexologia zentroko kideak. Aholkularitza lan horietan aritzen da hainbat herritan. Udal zerbitzuez gain, hainbat ikastetxetan ere sexu hezkuntza saioak egiten dituzte, Lehen Hezkuntzan hasi eta goragoko mailetan.
Sexu berbak adiera asko ditu, Erauzkinen arabera. “Zer garen, zer daukagun eta zer egiten dugun adierazten du, besteak beste”. Sexualitatea harremanetara mugatzeko joera dago, haren arabera. Baina sexu harremanak sexualitatearen alde bat besterik ez direla uste du: “Harremanez hitz egiten dugu, baina emakume eta gizon gisa nola eraikitzen garen lantzen dugu horren aurretik. Harremanak garatu ahal izateko, pertsona eraiki egiten delako lehenik eta behin”.
Horretarako, arlo biologiko, psikologiko eta sozialak lantzen dituztela adierazi du Erauzkinek. Hiru atal horiek aintzat hartuta azaltzen diete gazteei sexualitatea nola garatzen den, jaiotzatik heriotzara arte. “Erakusten diegu sexualitatea gure bizitza osoan zehar eraikitzen dela, eta momentu batean harremanetara eramaten gaituela “. Behin eta berriz azpimarratu du, norberaren eraikuntza eta bizipen horretan jartzen dutela arreta gazteekin.
Sexuaren eraikuntza oinarri
“Izaki sexudunak gara gizon eta emakumeak, eta maskulino eta femeninoan egituratzen gara gure bizitzetan”, adierazi du. Eraikuntza sexudun hori bakoitzak modu partikularrean bizi eta sentitzen duela azpimarratu du. “Horren arabera adierazi eta gerturatzen gara besteengana”. Hau da, horrela jartzen direla harremanetan gizakiak. Orientazio zerbitzuan, lehen urrats horretan egiten dute indar: “Egun, sexuaz dagoen ideia egiten den zerbaitena da, eta ez garen zerbaitena”.
“Gure helburua da neska eta mutil bakoitzak, nork bere burua ezagutzea, nolakoa den onartzea, eta onarpen horretatik nahi duena adieraztea”. Bide horretan, garrantzia ematen diote nork bere burua eraikitzeko, bizitzeko, sentitzeko, sozializatzeko eta harremanak izateko erei. Sexu hezkuntza egiten dutenean, gaiaren inguruan ikuspegi zabala ematen ahalegintzen dira, andre eta gizon bezala nola eraikitzen den arlo horietan. Hala nabarmendu du teknikariak.
Gizartean sexuaz dagoen ideia sexu harremanei oso lotua dagoela uste du Erauzkinek. Eta, horregatik, gazteak horien inguruko zalantzekin etortzen zaizkiela normalean: “Sexu harremanen eta koitoaren inguruan galdetzen dute gehienbat. Askotan errepikatzen duten galdera horixe da: Zer egiten da?”. Desioaren orientazioaren inguruan ere zalantzak agertzen zaizkiela adierazi du. “Sexu bera dutenen arteko harremanen inguruan ere zalantza asko daude”.
Gaur egun, sexualitatearen inguruan informazio asko dago, Erauzkinen ustez. “Informazio gehiegi dago, baina arazoa hori ordenatzean sortzen da”. Adierazi duenez, gaur egun, sexualitatearen inguruan hitz egiteko lehen baino erraztasun gehiago badago ere, izugarri kostatzen da oraindik. “Norbanakoaren intimitatearekin oso lotuta dago. Eta askok ez dakite horren inguruan nola hitz egin dezaketen. Hori aldatzea ezinbestekoa da”.