Abadiño
San Prudentzio jaietako ospakizunetan murgiltzear da Abadiñoko Matiena auzoa. Bihar hasi eta datorren asteko barikura bitartean, etenik gabeko jarduera sorta antolatu dute. Egunotan, bada, ez da girorik faltako.
13:00ean botako du suziria Abadiñoko Xake Taldeak, txosnagunean. Mozorro eta kuadrilla eguna izango da bihar. Herri bazkarian indarberritzeko tartea hartu ostean, 17:00etan kuadrillen arteko jokoen eta lehiaren txanda iritsiko da.
Mozorroek eta janzkera xelebreek beteko dute kalea 19:00etatik aurrera. Izan ere, Turutarra fanfarreak alaituta, kalejiran ibiliko dira Trañabarren etorbidean. 23:00etan, bestalde, mozorrorik onena aukeratuko dute Trañako plazan. Izerdi Gorriaren musikak emango dio bukaera egunari.
Domekakoa ajea kentzeko eguna izango da; eta, horretarako, kirol lehiak prestatu dituzte. 09:00etan, areto futboleko partidegaz hasiko dira. Horren ostean, saskibaloiaren txanda iritsiko da.
Eguerdian, 12:00etan, Ingalaterrako gastronomia ezagutzeko aukera izango dute Laubideta kalera joaten direnek. Han, pintxo dastatzea antolatu du Zalduerreka auzolan elkarteak. Arratsaldean, kirolari egingo diote berriz ere tartea.
Astelehena umeentzako eguna izango da. San Prudentzio egunez, umeentzako jolastokia jarriko dute Trañako plazan. 11:00etan zabalduko dute. Euria bada, pilotalekuan egingo dituzte jarduerak. 16:00etan irekiko dute berriz ere jolastokia, bazkaltzeko tartearen ostean. 18:30ean, umeentzako musika jarriko dute Trañako plazan. Egunari agur esateko, txokolatea banatuko du Geu Be elkarteak.
Eguaztenean ekingo diete berriz ere ospakizunei. Bertso saioa antolatu dute Errota kultur etxean. Unai Iturriaga, Mañukorta, Jon Maia eta Alaia Martinek parte hartuko dute. Onda Futura taldea eta Dj Bull entzuteko aukera ere izango da Trañabarren etorbidean eta Trañako plazan, hurrenez hurren.
Nekazaritza azoka eta Sagardoaren Jaia prestatu dituzte, besteak beste, eguenerako. Eta, barikuan, Babel Covers taldeak amaituko ditu jaiak.