Erakusle gehiago izango dira etzi, Morgako azokan

Udalak eta herritarrek udaberriko azoka antolatu dute, beste urte batez, Morgan. Dagoeneko 15. ekitaldia da. Etzi egingo dute, Andra Mari auzoan. Aurtengo berrikuntza nagusia erakusle kopuruaren gorakada izango da. Baserriko produktuen eta elikagaien ekoizleak kalean egongo dira, ohi bezala. Denboraldiko lehen ortuariak, pastelak, gazta, eztia, txakolina, ogia, sagardoa eta enparauak izango dituzte salgai. Frontoian, berriz, eskulangileak ipini dira, euren erakustokiekin. Besteak beste, zurginak eta otzaragileak egongo dira.

Horrez gain, hiru txosna ipiniko dituzte, azoka girotzeko. Haietako bat herriko andreena izango da, eta taloak egiten ibiliko dira. Animalia exotikoen erakusketa ere atonduko dute. Urtero bezala, emuak, ostrukak eta bestelako animaliak egongo dira ikusgai.

Eguerdian, herri kirolek erakarriko dituzte gehienen begiradak. Izan ere, Aitzol Atutxa aizkolari gaztea eta Iñaki Azurmendi lehiatuko dira. Biak ala biak Euskal Herriko txapelketan jokatutakoak dira. Beñat Lekuek eta Igor Duñabetiak ere parte hartuko dute erakustaldian.

BASERRITARREN AZOKA

Non. Morgan.

Noiz. Etzi.