Babesak saria du ordainetan

Enkarterrin Ordunteko mendilerroa babesteko 200.000 euro bideratuko ditu aurten Bizkaiko Foru Aldundiak. Europako Batasunagaz batera finantzatuko du zenbait urtetan eremu horretan bultzatuko duten kontserbazio proiektua. Interes komunitarioko gune izendapena dauka, eta Europako Batasuneko Natura 2000 sare barruan dago. Era horretako izendapenek eremu horiek babesteko erraztasun handiagoak ematen dituztela dio Eduardo Renovales Bizkaiko Ekologistak Martxan taldeko Natur Baliabideen Saileko kideak.

Era batera edo bestera gune babestuak aitortzeak “laguntza ekonomikoak jasotzea” errazten du, batez ere. “Eusko Jaurlaritzak diru laguntzaren bat emango badu, gehiago erreparatuko dio espazio natural bati, Europatik laguntzak lortzeko erraztasunak izango direlako”.

Bizkaian hiru parke natural daude: Gorbeiakoa, Urkiolakoa eta Armañongoa. Eta barruan interes komunitarioko guneak dituzte. Beraz, baliteke eremu batek balio handia izan arren, parke natural izendapenik ez izatea. Renovalesek azaldu duenez, era horretakoak dira Ordunteko eremua eta Gorobel edo Salbada mendilerroa. Lehenengoa interes komunitarioa duen gunea da; bigarrena, berriz, hegaztientzako babes bereziko gunea. Gorbeiako parke naturalaren barruan Itxina izeneko ingurua dago. Biotopo babestua da.

Urdaibaiko biosfera erreserba ere badu Bizkaiak. Ajangiz, Zornotza, Arratzu, Arrieta, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Munitibar, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta herrien lurrak hartzen ditu. “Oso handia da”. Barruan interes komunitarioko lau gune dauzka: Urdaibaiko ibai sarea, Urdaibaiko artadiak, itsasertzeko eta paduretako guneak eta Gaztelugatxeko biotopo babestua.

Babes eta aitorpenak izan badituen arren, Urdaibai “erakundeen aldetik bazterrean utzita” dagoela uste du Alfonso Caño irakasle eta ekologistak. Hala ere, eremu horretan ipini dituzten baliabideei aipamen berezia egin die. Besteak beste, Busturiako Madariaga dorretxean dagoen Euskadiko Biodibertsitate Zentroa, azken urteetan jarritako informazio panelak, txori migratzaileak aztertzeko Gautegiz-Arteagako Urdaibai Bird Centre eta markatuta dauden GR bideak ekarri ditu gogora.

Azpiegitura publikoen artean, Madariaga dorretxea eta Urdaibaiko patronatua aipatu ditu. “Euskadiko Bioaniztasun Zentroa ingurumen hezkuntzaren aldetik, hezkuntza formalarentzat da; baita bisitarientzat ere”, azaldu du. Dena den, hasierako asmoak zein ziren gogoan hartuta, “labur” geratu dela deritzo. “Ikerketa zentro bihurtu gura zuten; azkenean, ordea, ez da horrelakorik gauzatu. Bioaniztasunari buruzko ikerketak sortu gura ziren, baina horretara ez da ez baliabiderik ez ikerlaririk bideratu”.

Urdaibaiko patronatuari buruz, “elementu garrantzitsuena” dela azpimarratu du. “Eraikin horretan informazio zentroa eta liburutegia daude. Garrantzitsua da han bizi direnentzat. Izan ere, zerbait tramitatu behar baduzu, baserri batean etxebizitza bi atera daitezkeen jakiteko, esaterako, hara jo dezakezu”.

Urdaibai Bird Centre “oso toki garrantzitsutzat” jo du. “Bikaina da. Ornitologoak eta ingurumen hezkuntzan adituak daude, eta oso onak dira guztiak”. Egindako lanari dagokionez, gogora ekarri du hegazti batzuei jarritako gailuei esker posible izan dela Mauritaniatik ateratako mokozabal talde batek iparralderantz egindako bideari jarraituta Bizkaira noiz iritsiko den kalkulatzea. “Oso lan interesgarria izan da”.

Egoitzan bertan sartu beharrik gabe ere, inguruan hegaztiak behatzeko bi eremu libre daudela ekarri du gogora. “Aurrean dagoen urmaeleko hegaztiak behatzeko aukera ematen dute”.

Aurten, gainera, Eusko Jaurlaritzak baleak ikusi ahal izateko behatoki bat egitea onartu duela iragarri du. “Matxitxakoko itsasargian egingo dute. Handik, baleak eta izurdeak ikusi ahalko dira, besteak beste”. Urtea bukatu aurretik hasiko dituzte lanak. Duela hiruzpalau urte egin gura izan zuten. “Berriro pentsatu behar izan da, diru kontuak direla tarteko, eta gauza txikiagoa egingo da”. Kudeaketa, “ziurrenik”, Ambar taldeak egingo duela aurreratu du.

Edozelan ere, Biosfera erreserba izanik, ez dagoela “behar bezala babestuta” deritzo irakasleak. “Babeserako ez da gauza handirik egiten. Horretarako, zaintza egon beharko litzateke, eta oso gutxi eta sakabanatuta dago”.

Gune babestua, Eusko Jaurlaritzak Urdaibain Baccharis halimifolia landare inbaditzailea errotik kentzeko Life proiektu bat jarri zuen martxan. “Urte askotan diru mordoa lortu da lan horretarako”, ekarri du gogora Ekologistak Martxan taldeko Renovalesek. Ordunten ere beste Life proiektu bat daukate. Hango ekosistema lehengoratzeko proiektua da. “2017ra bitarterako bi milioi euroko inbertsioa egin dute, eremu horretako pagondoak eta hariztiak berreskuratzeko”.

Mehatxuak

Parke naturalek edo bestelako izendapen eta babes berezia duten eremu horiek mehatxu asko dituztela ohartarazi du Ekologistak Martxan elkarteko kideak. Batetik, “Bizkai osoko arazo” moduan jo du fracking-a. Renovalesen arabera, “ez du bereizten eremu babestuen eta babesik gabeko eremuen artean”. Beraz, espazio naturalek ere fracking ustiapenak pairatzeko arriskua dutela ohartarazi du. Gogora ekarri du, era berean, “gobernuan dagoen alderdiari eremu bat horretarako erabil daitekeela iruditzen bazaio eta horretarako baimena ematen badu, arriskua zabalduko da”. Bizkaiko kostaldea fracking-erako lauki sareetan banatuta dagoela azaldu du. “Baimen horiek arriskuan jar dezakete parke natural bat. Gorbeia inguruan, esaterako, zundaketak egin dituzte daborduko”.

Bestalde, pinu eta eukalipto ugari landatzen eta lurraren paretik mozten direla salatu du. “Lurra, beraz, landaretzarik gabe geratzen da, eta higadura arriskua handitu egiten da”. Esan duenez, Bizkaian gero eta gehiago landatzen da: “Urkiolan eta Gorbeian, esaterako, eukaliptoa eta pinuak daude. Beraz, eremu babestua izan arren, ez dituzte baztertzen kalteak eragin ditzaketen jarduera ekonomikoak”, gaitzetsi du Renovalesek. Caño ere bat dator salaketa horrekin. Urdaibairi mehatxu bat dakarkiola ohartarazi du. “Lur higadura areagotzen dute. Oro har, Bizkaian dagoen ingurumen arazorik handienetakoa da. Arazo isila, baina larria”.

Dena den, Renovalesek aitortu du, “traba gehiago” egoten direla bakoitzak nahi duena landatzeko: “Administrazio publikoak ondo kontserbatuta dagoena hobeto kontserbatzen saiatuko dira beti”. Ordunten, esaterako, pinu eta eukaliptoak kendu, eta hango ekosistemak lehengoratuko dituztela azaldu du.

Harrobiak ere aipatu ditu mehatxuen artean. “Enpresek haitzak dauden eremuetara jotzen dute, eta leku horietan egon ohi dira ondoen kontserbatutako landareak”. Atxarteko harrobia aipatu du: “Parke naturalaren erdigunean zegoen. Barrura sartuz gero, gaur egun, oraindik, bertan behera utzitako kamioitzar zaharrak ikus daitezke”.

Urkiolan harrobiekaz istilu gehiago ere izan direla aipatu du. “Harrobi asko eremu babestuen mugan zeuden. Gune babestu izendapena edukitzea, sarritan baliagarria izan da harrobiei jarduera baimenik ez emateko”.

Bisitariek askotan leku horietan egiten dituzten kalteen berri eman du Ekologistak Martxan elkarteko kideak. “Gorbeian, Itxinako biotopoan, esaterako, haitzetan pintura markak egiten dituzte bisitariek”. Beraz, kasu horretan, espazio hori babesteak, hein batean, kalte ere egin diola iruditzen zaio. “Milaka liburuk jasotzen dituzte Itxinako ibilbideak”, argudiatu du ustea.

Horren haritik, espazio naturalen “masifikazioaz” ohartarazi du Renovalesek. Astialdirako, Bizkaiko dibertimenduzko eremuak bultzatu beharko liratekeela deritzo, babestutako eremuen ordez. “Gainera, ez dira presio kanpainak egiten, bisitariek mendiak zikindu ez ditzaten, eta zaindariek ere ez dute etengabe zaintzen. Jendea joatea gura baduzu, mendia garbitzeko neurriak ere sustatu behar dituzu”.

Ordunten suteekaz duten arazoa ez du alde batera utzi gura izan. “Abeltzaintza tradizio luzea dute han; Bizkai osoko luzeena”. Ohitura zaharra dute: Larreak aberasteko mendiari su ematen diote. Duela zenbait aste 160 hektarea erre zituzten horrela”, ekarri du gogora. Hori saihesteko, “abeltzainekaz akordioak adostu” behar direla deritzo. Bizkaiko Nekazaritza Sailak berak baieztatu du sute haiek nahita eragindakoak izan zirela.

Sukarrietan Guggenheim berria egingo balute, berriz, Urdaibaiko erreserbarako mehatxu handia eragingo lukeela deritzo Cañok. “Errentagarria izateko 100.000 bisitari etorri beharko lirateke urtero. Horrek errepide eta aparkaleku gehiagoren beharra dakar. Positiboa izan liteke jatetxeentzat; baina naturarentzat, negatiboa”. Inguru horrek daukan harrera ahalmenaz eztabaidatu beharko litzatekeela uste du; hau da, zenbat bisitari hartzeko gai den. “Guk nahikoa presio egiten dugu ekosistema honetan; hori handitzeak kalteak ekarriko lituzke”.