Pailazoak, antzerki saioak eta ikuskizunak. Herriko jaietan, haurrentzako hainbat jarduera antolatu ohi dira. Baina txikienentzat egiten diren ekintza horiek guztiak, helduek erabakitzen dituzte normalean. Hori irauli nahian dabiltza Sopelan. Eta aurtengo jaiak antolatzeko, umeen proposamenak jasotzeko dinamika abiatu dute. Ekainean ospatuko diren San Pedro jaietako egitaraua erabakitzeko eta antolatzeko prozesuan parte hartuko dute.
“Hasieran, bereziki txosnetan eta kontzertuetan jartzen genuen arreta batzordean parte hartzen genuenok”. Hala adierazi du Ondiz Barranadalla jai batzordeko kide eta hezitzaileak. Baina azken urteetan aldatu egin da. “Herritarren erabakitzeko eskumena handiagoa da orain”. Eta herriko elkarte, kuadrilla, udal ordezkari eta auzokideak biltzen dira batzordean. Duela bi urte, lantaldeak osatu zituzten batzordean herritar guztien parte hartzea bermatzeko. Horien artean, familien eta gurasoen artean osatutakoa zegoen. “Herriko jaietan, udalak antolatutako ekintzak izaten ziren haur eta familientzako eskaintza bakarra”, adierazi du Barandallak. Hutsune horretatik abiatuta erabaki zuten haurren eta familien lantaldea osatzea. “Urte hauetan, lantalde horrek antolatu ditu haurrentzako ekintzak. Betiere, euskara, parte hartzea eta parekidetasuna izan dituzte lanerako oinarri nagusi”.
Aurten, urrats bat gehiago egitea erabaki dute. “Gure lantaldearen izena Haur eta Familien Lan Taldea da. Baina konturatu ginen helduak garela partaide bakarrak eta haurrek ez dutela erabakitzeko ahalmenik”. Horren ondorioz, orain arte antolatutako ekintzak helduen ikuspegitik antolatu direla azpimarratu du. “Helduek erabakitzen eta antolatzen genituen haurrentzat ziren ekintza guztiak”. Hori aldatzeko, haurrak jarri dituzte aurtengo jaien egitaraua erabakitzen eta antolatzen.
Ametsetako jaiak antolatu
Ametsetako jaiak marraztuz izeneko dinamika abiatu dute horretarako. Apirilaren 4an egin zuten lehen bilera, domekaz. Jaietarako beraien gustuko ekintzak marrazteko lana izan zuten. Ikastetxeko patioaren argazkia eman zieten haurrei horretarako. Hori baita jaiegunetako umeen eremua. “Espazio horretan, beraien ametsetako jaiak marrazteko esan genien”, ekarri du Barandallak. 30 bat haurrek hartu zuten parte: “Pozik etorri ziren, ikastetxeetan zirkularra banatu genuen, eta bazekiten zertara zetozen. Askok etxetik pentsatuta ekarri zituzten ideiak”.
Barandallak aitortu du lehen ariketa helduen artean egin behar izan zutela. “Haurrekin bildu baino lehen, argi izan behar genuen haurrak entzun, eta errekonozitu eta esaten dutena onartu behar genuela”. Adierazi duenez, helduek beldurra zeukaten hasieran. “Uste genuen gure balioekin bat ez datozen gauzak proposatuko zituztela”. Baina ez da hala izan. Haurrak egindako eskariak uste baino sinple eta politagoak izan dira, hezitzailearen arabera. Urarekin zerikusia duten ekintzak, labirinto erraldoiak eta disko festak aipatu dituzte, beste hainbaten artean.
“Ikusi dute erabakietan parte hartzeko gaitasuna dutela eta jaien antolaketan ere parte hartzen ari direla”. Haurrek egindako marrazkiak herriko Kurtzio Kultur Etxean jarri dituzte ikusgai. Marrazki bidez umeek egin dituzten proposamenak bozkatzeko aukera ireki dute. Etzi bukatuko da horretarako epea.
Maiatzaren 4an dute hurrengo hitzordua. Ametsetako jaiak marraztetik mamitzerako jauzia egingo dute bilera horretan. “Gehien bozkatu diren proposamenak hartu, eta nola antolatu pentsatuko dugu denok elkarrekin”, azaldu du hurrengo urratsa. Izan ere, hori da aurrera begira duten erronka. Bilera horretatik ateratako ideiak antolatzeko, ez dute enpresa pribatu bat kontratatu nahi. “Baliabideak guk sortzea da gure asmoa. Auzolanaren bidez edo herritarrei dei eginez, dena herritarrek antolatzea eta egitea nahi dugu”, nabarmendu du jai batzordeko kideak.
Horrelako egitasmo bat egiten duten lehen aldia da. Baina aurrerantzean ere horrelako dinamikak egin nahi dituztela iragarri du. Hezitzailearen arabera, askotan haurrak “txorakeriak proposatuko dituztela” pentsatzen dute helduek: “Guztiz erratuta egon garela ikusi dugu. Umeek badakite zer nahi eta behar duten ondo pasatzeko. Eta gai dira hori adierazteko”.
Orain, garrantzitsuena haurrek egindako proposamenak betetzea dela azpimarratu du. “Haurrei hitza eman ondoren betetzen ez badugu, egin dugun lan guztia ezerezean geratuko da. Gurekiko konfiantza galdu egingo lukete txikiek. Eta, gainera, ez ginateke arituko benetako prozesu parte hartzailea errespetatzen”.