Fedeak sortutako artea

Joan den barikuan hasi ziren Bilbon Aste Santuko prozesioak. Ordutik kofradietako kideak zortzi aldiz atera dira hiriburuko kaleetara, Jesu Kristoren nekaldiaren irudiak hartuta. Domekara bitartean, beste sei egongo dira ikusgai. Aste luze honetan bederatzi kofradietako 4.460 kidek parte hartuko dute. Eta haiek osatuko dituzten ibilbideak ikustera, milaka bilbotar eta bisitari gerturatuko dira. Iaz, eguraldiak lagundu ez arren, 150.000 inguru izan ziren, Bilboko Hiri Babesak eta Udaltzaingoak emandako datuen arabera.

Duela bost mendeko agirietan agertzen da Bizkaiko hiriburuko prozesioen lehen aipamen idatzia. Bilboko Kofradien Anaidiaren arabera, “etorkizuna ere bermatua” dute, kideen artean “gero eta gazte gehiago daudelako”. Javier Diago bozeramailearen esanetan, “horri esker, aurten paso gehiago eroango dira bizkar gainean”. Izan ere, azken urteetan gurpilak ipini izan dizkiete. Besteak beste, Apaltasunaren Kristo Santua izeneko misterio pasoa estreinatuko dute aurten. Duela bi urte egin zuten, baina euriak ez die utzi behin ere ateratzen. 44 lagunek eroango dute bizkar gainean. Bilboko Aste Santuak “balio artistiko izugarria duten” 33 irudi erakusten ditu irauten duen hamar egunetan.

“Bilbotar eta bizkaitar ugari ez ezik, kanpotik etorritako bisitari andana ere liluratzen dute gure prozesioek”. Hala dio Mercedes Rodriguezek, Bilboko Turismo Zerbitzuko zuzendariak. “Bilbokoa berezia da. Ez dauka beste batzuen ikusgarritasuna. Apala da, serioa. Eta horrek giro berezi bat sortzen du, egiazkoa”. Fedeaz haratago doan zerbait dela dio, “mugimenduan dabilen artea”.

Nekaldiaren antzezpenak

Bizkaiko Aste Santuaren beste ikurra Balmasedako nekaldia da. Atzo iluntzean antzeztu zuten lehen zatia: azken afaria eta atxiloketa. Gaur, 09:00etan hasiko dira epaiketarekin, gurutzeko heriotzarekin bukatzeko. 400 herritar ibiliko dira aktore lanetan. Durangon eta Arkotxan ere izango dira antzezpenak, 21:00etan eta 11:00etan, hurrenez hurren.