2014 urtea hasi genuenetik 109 egun pasatu dira. Konturatu orduko, beste urte berri bati ongietorria ematen ariko gara. Urteak aurrera egin ahala, egunak luze eta gauak labur pasatzen dira. Egutegiko orria aldatzen duzun aldi oro urtearen abiadurak kezkatzen zaitu. Denboraren formulak adinarekin aldatu egiten dira. Umetan alderantzizkoa zen; egunak labur joaten ziren, ikastolako orduak ziztu bizian pasatzen zirelako, eta urtebetetze egunerako, berriz, beti falta ziren egutegiko bost orri edo. Denboraren formulak aldakorrak badira ere, esamolde batzuk beti errepikatzen dira: sanferminetan Pobre de mí abestu, eta zapia kenduta ematen zaio amaiera. Ondoren, betiko esaldia etorri ohi da: “Gutxiago falta da hurrengo sanferminetarako!”. Urrutitik ikusita, urtero irudi berak utzi dizkigutela ematen du; mila bisitari, zapi gorriak, zezenak, ezinbesteko atzerritarrak… Baina aurreko urteko txupinazoa euskaldunok ez dugu erraz ahaztuko. Pagasarriko puntan geundela, lagun baten mezua sakelakoan jaso genuen. Argazkian, ikurrin erraldoia Udaletxe plazan. Muntaketa bat zela pentsatu genuen, Photoshoparen miraria. Menditik jaitsi ginenean egia zela ohartu ginen. Ikurrin erraldoi bat zintzilikatu zutela udaletxe aurrealdean, sanferminetako protagonista bilakatuz. Hogei minutuz, Euskal Herriko benetako hiriburua bilakatu zen.
Denboraren formulak bizitako momentu asko burmuineko leku berezian gordearazten dizkizu. Esaterako, nire lehenengo sanferminak. 10 urte nituen, eta uda Zangozako Rocaforte herrian pasatu genuen. Itsasoa faltan botatzen bagenuen ere, gure lehenengo sanferminak izan genituen. Goizean goiz La veloz sanguesina hartu, eta entzierroa ikustera joan ginen. Ez genituen zezenak ezta korrikalariak ikusi. Baina gure imajinarioan entzierroko lehenengo lerroan izan ginen, zezenen aurrean lasterka. Egun-pasa nekagarriaren ostean, Zangozara bueltan ginen. Gero etorri ziren kuadrillarekin Iruñera eginiko bisitaldiak, nire burmuinean arrasto gutxiago utzi dutenak. 78 egun barru Iruñera joateko nahia piztu zait. Ostatu bila hasi, eta dena betea dago! Ostatuko nagusiak gure galderari barre egin dio. “Aspaldi dena erreserbatua dugu, guk eta Iruñeko hotel guztiek”, esan digu. “Baina, lasai, uztailaren 6an bertan agertuz gero, zuentzat logela bat izango dut”, gaineratu digu. Azken momentuan atzerritar askok kale egiten omen du. Horrez gain, goitik beherako gure itxuraren azterketa eginda, ziurtatu digu han agertzen bagara gela izango dugula. Harentzat itxura txukuna omen gurea. Baina, ostatuaren prezioa ikusita, badakit ez garela bertaratuko, eta, ziurrenik, Zangozan ikusiko dugu elkar. Uztailaren 6an ez bada, urriaren 19an, eta oinez, ez korrika zezenen aurrean.