Naturaren argazkirik onenak, Ondare aretoan

Naturaren argazkilariak 2014 izeneko erakusketa bisita daiteke foru aldundiaren Ondare aretoan. European Wildlife Photographer of The Year lehiaketako argazkirik onenak daude ikusgai.

Aurten hamar urte bete ditu erakusketak, baina berritasunak iragarri ditu Kultura Sailak. Besteak beste, “ospe handiko” bost euskal argazkilariren lanak jaso dituzte: hain zuzen, Xabier Armendariz, Mikel Bilbao, Santi Yaniz, Joseba del Villar eta Carlos Villoch izan dira aukeratuak. Naturarekin lotura duten argazkien artetik bi aukeratu dituzte, Ondare aretora ekartzeko. Josune Ariztondo Kultura diputatuaren esanetan, ingurumena ondoen ordezkatzen duten irudiak eskatu zitzaizkien.

Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak Izadiaren argazkiak izeneko umeentzako lehiaketa antolatu du. Hainbat ikastetxek parte hartu dute. Finalisten eta irabazleen lanak ere ikusi ahalko dira Ondare aretoan.

European Wildlife Photographer of The Year lehiaketako irudiak Izadiaren argazkilariak izeneko argitalpenean bildu dituzte. Katalogo horrek 160 orrialde ditu. Horietan, Europako hemezortzi herrialdetako 72 argazkilariren irudiak ikus daitezke. Ondare aretoan eskura daiteke.