Kutxak, betexeago

Nahiz eta urte hasierarekin batera jartzen diren indarrean, gehientsuenak atzeratuta dabiltza. Lezama izan zen bere kontuak onartu zituen Bizkaiko lehen udalerria. Azaroaren 7an jaso zuten osoko bilkuraren oniritzia. Herrialde historikoaren aurrekontu proiektua aurkeztean, Bizkaiko Foru Aldundiak bereziki nabarmendu zuen aurten udalek diru gehiago izango dutela. Osotara, 790 milioi euro ditu Udalkutxak 112 herrien artean banatzeko. Hau da, iaz baino %6,2 gehiago. Hala, azken urteetako murrizketen ostean, tokiko gobernuek aurten “lasaiago” ibiltzeko aukera izango dutela nabarmendu du Unai Rementeria Lehendakaritza ahaldunak. Lau udalek aurrekontua nola osatu duten azaldu diote Bizkaiko Hitza-ri.

1. Durango

Goiztiarretakoa izan zen Durango. Abenduaren 23an onartu zituen, urtea bukatu aurretik. Aitziber Idigoras alkatearen esanetan, euren kasuan ez da hazkunderik egon, 2011tik luzatuta eduki dituztelako. Harako hartan, 28,9 milioi euro pasatxo eduki zituzten. Aurten, 27,3 milioi dauzkate. Arean gutxiago. “Egoera ekonomikoa dela eta, urtero-urtero aurrekontua aldatuz joan da, eta ezin da konparatu beste urte batzuekin. Adibidez, 2009an 25,9 milioi izan genituen”. Oro har, diru sarrerek izan duten ibilbidea “ona” izan dela dio alkateak. Salbuespena eraikuntza zergetan egin du. 2011tik hona beherako bidean daudela esan du. Udalkutxatik diru gehiago jaso izanak, berriz, lagundu egin die. “Guretzat hori izan da inportanteena”. Izan ere, herri guztietako udal aurrekontuen zatirik handiena foru funts horretatik jasotzen dutena izaten da.

Bere herriak azpiegitura “berri eta modernoak” dituela dio Durangoko alkateak. Horregatik, inbertsioak “moteltzeko” erabakia hartu dute, epe ertainera daukatenarekin molda daitezkeela uste baitu. “Gure lehentasuna herriko elkarteei kalterik ez egitea da. Beraz, ez ditugu diru laguntzak murriztuko. Gure ekintzetara, udalak berak antolatzen dituenetara, diru gutxiago bideratuko dugu, elkarteen bidez bultzatutako herri ekinbideak babestea garrantzitsuagoa iruditzen zaigulako”. Gizarte gaietarako aurrekontuari ere eutsi diote, “egoerak hala eskatuta”.

2. Portugalete

Mikel Torres Portugaleteko alkatearen esanetan, azken urteetan foru aldunditik diru gutxiago jaso izana “erronka” izan da eurentzat. “Izan ditugun baliabide ekonomikoak modu adimentsuan kudeatu behar izan ditugu. Erantzukizun eta eraginkortasun ariketa itzela izan da”. Aurten, aurrekontuan %5,7ko igoera izan dute, eta horrek “lasaitasun txiki bat” eman diela aitortu du. Osotara, 56 milioi euro kudeatuko ditu bere gobernu taldeak.

Edozelan ere, argi dauka Portugaleteko Udalak bere baliabideekin aurre egin behar diola urteari. “Hori lortzen dugun bosgarren urtea da”. Hau da, ez dute mailegurik eskatu urte hauetan guztietan. “Finantzatze orekatua daukagu, defizitik eta zorrik bakoa, udalean bertan eta gure sozietateetan”. Torresen ustez, ezinbestekoa da balantze hori edukitzea herritarren beharrizanei behar bezala erantzuteko. “Portugaletetarren arazoak konpontzea da daukagun kezka bakarra. Maileguek eta interesek ez digute batere buruko minik eragiten”.

3. Getxo

Iazko urtea superabitarekin bukatu zuen berriz ere Getxok. %7,3 egin zuen gora, eta une honetan 33 milioi pasatxo ditu udalak eskuragarri. Diru sarrerek behera egin arren, urtea soberakinekin bukatzea lortu zutela goraipatu du Ogasun zinegotzi Ana Helguerak. “Gizarte zerbitzuak, ekonomia sustatzeko politikak eta ezinbesteko inbertsioak mantendu ditugu, hala ere”. Aurtengo aurrekontua oraindik ez dute onartu. Martxo hasieran aurkeztu zuen bere proposamena udal gobernuak. 98,3 milioi euro izango dituzte; iaz baino gutxiago. Hain zuzen, %1 egin du gora. Ana Helguera Ogasun zinegotziaren esanetan, tasak eta zergak 2008tik izoztuta dauzkatelako izan dute beherakada: “Herritarrei diru gehiagorik eskatu barik eta mailegu berririk egin barik aurre egiten diegu gure inbertsioei”.

Aurkeztu duten proposamenean gizarte zerbitzuei lehentasun osoa eman dietela nabarmendu du. “Kaltetuenen aldeko politika egiten dugu. Horregatik, 14 milioi bideratuko ditugu euren eskubide sozial eta zibilak bermatzera”, azaldu du. Orain oposizioko alderdiak konbentzitu beharko dituzte, gehiengoa lortzeko.

4. Igorre

Foru aldunditik jasotakoaren igoera baino handiagoa izan da euren sarreretatik lortutakoa Igorren. Bereziki, ondasun higiezinen gaineko zergatik eta obra baimenetatik lortu dute espero baino diru gehiago. Horrela, bada, 4,4 milioi izango ditu Beinat Anzola buru duen udal gobernuak. Eta 1,4 milioiko soberakina ere badute iaztik. Edozelan ere, kontuz ibili behar dute. “Igartzen da ez dagoela lehengo poztasunik. 7,5 milioi euro ere izan ditu udal honek beste urte batzuetan. Orain, estutu egin behar izan dugu”. Horregatik, badira egin nahi lituzkeen baina ezin duen lanak. Adibidez, Viviendas de Vizcaya delako etxebizitzen eremuko lursail batean aparkalekua egin zuten aurreko agintaldian, legar xehez. “Kamioiek erabiltzen dute. Ez dago etxebizitzarik eraikitzeko asmorik. Beraz, asfaltatu egin nahi nuke, autoek ere aparkatu ahal izateko. Baina ez dago dirurik. 120.000 euro beharko genituzkeela kalkulatu dugu, eta gaur-gaurkoz ez ditugu. Aurreragorako utzi behar dugu”.

Anzolak esan duenez, aurretik martxan izan dituzten programei eustea izan dute helburu Igorren: “Parte hartze planerako 6.000 euro jarri ditugu, berdintasunerako 10.000, ingurumen agendarako 20.000, integrazio politiketarako 5.000 euro… Obretarako, berriz, milioi erdi pasatxo baino ez dugu aurrekontuan. Horretarako iazko soberakinak erabiltzea pentsatu dugu”. Aurten, besteak beste, herria zeharkatzen duen Agirre lehendakariaren kalea oinezkoentzat egokituko dute zati batzuetan, eta biribilgune bat ere eraikiko dute. Lehen obra hori aurrekontuko dirutik egingo dute; bigarrena, iazko soberakinetik.

Berez, Espainiako Gobernuak onartutako finantza egonkortasunerako legearen arabera, zorra duten udalek soberakinak zor hori ordaintzeko baino ezin dituzte erabili. Baina Bizkaiko Foru Aldundiak malgutu egin du, eta %35era arteko zorpetzea dutenei soberakin hori erabiltzeko baimena eman die. Igorrek %19koa dauka. Hala argitu du alkateak: “Milioi bat euroko mailegua daukagu, eta urtero ia 80.000 euro ordaindu behar ditugu. Ez gara horregatik itota sentitzen”.