Eliza musika entzuteko, sei aukera astebetean

Elizako musika entzuteko sei kontzertu prestatu ditu Bilbao 700 fundazioak. Gizakundearen elizan izango dira emanaldiak, Bilbao Ars Sacrum jaialdiaren barruan. Bihar hasi eta apirilaren 12ra bitartean, musikari, talde eta bakarlari ospetsuak bildu dituen programazioaz gozatu ahal izango dute entzuleek. Hainbat garaitako espiritualtasuna eta erlijioarekiko sentimendua oinarri dituen musika tradizioen interpretazioak egingo dituzte.

Bihar, La passione di Gesu Cristo interpretatuko dute, 20:00etan. Antonio Salieriren obra Auxiliadora Toledano, Maite Maruri, Alain Damas eta Jose Antonio Lopez bakarlariek kantatuko dute. Bilboko Koruarekin eta Das Neur orkestrarekin batera ariko dira. Cristoph Speringek zuzenduko ditu.

Sarrerak lau eurotan eros daitezke, Bilbao 700 Fundazioaren bulegoetan, 10:00etatik 18:00etara. Eguneko kontzerturako sarrerarik geratuko balitz, musika saioa hasi baino ordubete lehenago salgai jarriko dituzte, elizaren atarian bertan.

Musika barrokoa, pasioa, musika ortodoxoa, Al-Andaluseko kulturaren doinuak eta Ameriketako beltzen musika espirituala entzun ahalko dira datozen egunetako saioetan.