“Bermeoko 1912koa ez zen enbata izan, ziklogenesia baizik”

Itsasoan behar egiteaz gain, pasio ere badu Isabel Letek habitat hori (Bilbo, 1959). Udako hilabeteetan, bizilekua du, gainera. Belaontzia hartu, eta Donostian, irla ondoan, utziko dioten buia bati lotuta igaroko ditu ekainetik irailaren bukaera arteko asteak aurten. Egonaldi hori ez du erabiliko atseden hartzeko, ordea; enbatak ikertzen ibiliko da. Horregatik utzi diote, gainera, buia: galernak ikertzen laguntzeko. Horixe du ogibidea.

Duela bi urte pasatxo ekin zion lan horri. “Espazioko energia eta bestelakoak aztertzen zituen master bat egin nuen. Tesina egiteko, enbatak aukeratu nituen. Orain, ikerketa lan hari jarraitzen diot”, gogoratu du.

Enbata zehazki zer den gutxik dakitela iruditzen zaio. Izan ere, Bermeon 1912an fenomeno horren ondorioz 143 arrantzale hil zirela zabalduta badago ere, hondamendi hura eragin zuena enbata barik ziklogenesi bat izan zela ohartarazi du Letek. “Galerna esaten diote; askok hala deitzen diete denboraleei. Bata eta bestea, ordea, ez dira sinonimoak”.

Maiatzetik urrira bitartean sortu ohi dira enbatak. Atmosferak eta itsasoak, biek dute eragina horiek eratzeko orduan. “Haize berezi bat sortu ohi da, ez dagokiona atmosfera normal baten balantzeari”. Haize ageostrofiko gisa definitu du hark. “Haizearen ezohiko mugimendu batek” eragiten du, hain zuzen, fenomeno hori.

Hala ere, enbata sortzeko “ozeanoak ere erreakzio bat” izan behar duela azaldu du. Eguraldi ona dagoela gertatzen da, gainera, fenomeno hori. “Euskal Herrian, hamabost edo hogei egun on ditugu uda sasoian, eta horietan gerta daiteke enbata”, zehaztu du. Eta ez zaio bidezkoa iruditzen eguraldi dotoreko planak enbata arriskuagatik zapuztu behar izatea. “Horregatik ari naiz ni beharrean, erakusteko aurretik ozeanoaren erreakziorik ez baldin badago ez dela galernarik sortuko nahiz eta horretarako egun aproposa izan”.

Berba teknikoegaz ulertzen zail dirudien prozesua edonork ulertzeko eran azaldu du: “Marmitakoa bezalakoa da hau: tipula, baratxuria, patatak eta ura bota eta lapikoa irakiten jartzen badugu, patatak besterik ez ditugu eltzean. Txorizoa botaz gero, patatak errioxar erara izango ditugu. Marmitakoa izateko, hegaluzea gehitu behar diogu. Hau da, baldintza guztiak bete behar dira enbata sortzeko”.

Ozeanoaren erreakzioa galerna gertatu baino sei ordu lehenago izaten dela azaldu du. “Beraz, atmosferaren egoera jakin batean itsasoan anomalia hori antzematen badugu, enbata sortzeko arriskua dagoela baieztatuko dugu. Eta orduan emango dugu abisua”.

Galerna bat sortzen bada uraren gainazalean tenperatura eta gazitasuna erabat aldatzen direla azaldu du. “Hondoko ura gorantz ateratzen delako gertatzen da hori. Horrez gain, ura nahasita egon ohi da, disolbatuta egon ordez”. Hala, “enbata bat gertatu baino lehen bainua hartuz gero, une batean ura bero-bero nabaritzen da, eta, jarraian, izoztuta”. Beraz, horri atmosferako baldintza jakin batzuk gehituz gero, “hau da, patatak egosten baldin badaude”, kontuz ibili behar dela dio, enbata gertatzeko arriskua dagoelako.

Isabel Letek bere tesian iragarri zuen itsasoa ere kontuan hartu behar zela galernak sortzeko prozesuan. Hura zuzendu zion irakasleak, ordea, “itsasoari zegokion zati guztia” kenarazi zion. “Meteorologoa zen, eta aire fenomeno bat besterik ez dela esaten zidan”. Orain, ordea, bere ikerketen emaitzak berretsi dizkiote. Masterreko tesian “itsaso gainaren eta haizearen arteko interferentzia” defendatu ditu. “Bi urte igaro ondoren ohartu dira haiek ere dena dela globala, dena dagoela lotuta”.

Estazio berezia

Aemet Espainiako meteorologia agentziagaz, Eusko Jaurlaritzaren Euskalmetegaz eta unibertsitateagaz harremanetan ibili ohi da Lete. Izan ere, Bizkaiko golko osoan ez dagoen “estazio mota berezi bat” dauka belaontzian. Minutu guztietan datuak jasotzeko modua ematen dio horrek. “Enbatak minutu bat eta bost minutu arteko haize boladak izaten dira. Beraz, minutuero neurtu ezean, ezinezkoa da fenomeno hori neurtzea”. Nabarmendu du Euskalmetek datuak hamar minututik behin jasotzen dituela eta Aemetek, hogei minututik behin.

Itsasora atera zein hondartzara joateko orduan garrantzitsuena “informazio meteorologikoa” kontsultatzea dela dio. Euskalmetena “oso ona” iruditzen zaio. Hala ere, ontzi batek enbata bategaz topo eginez gero “itsasoan barrena sartzeko” gomendioa egin du. “Kostaldetik urrundu egin behar da, fenomenoa itsas bazterrean gertatzen da eta, lau milia ingurura. Hortik kanpora, asko ahultzen da”. Enbata fronte bategaz batera iristen bada haitzetatik urruntzeko aholkatu du. “Urrundu egin behar da, fenomenoa pasatu arte. Hogei minutu eta bi ordu arteko tartean bukatu ohi da. Indar astindu handiena, gainera, ordu erdian izaten du”.

Uda iristeko zain dago orain Lete. “Belaontzian etxean baino hobeto” egoten dela dio. Portuan egonda, nabigatzaileek erosotasun osoa dute. Donostiako buian ez du horrelakorik izango. Igerian edo txalupa batean lehorreratu beharko du. Hala ere, ziur dago ondo moldatuko dela.