Kale kultura, agertokian

Jaialdia

Bilbo

Kaleko kulturak urteko ekitaldi garrantzitsua du asteburuan, Bilbon. XIV. Break On Stage jaialdia egingo dute bihar, Bilbo Arena pabiloian, Miribillan. Han, hainbat diziplinatako hogei ikuskizun labur ikusteko aukera emango dute. Nazioartean erreferente diren kaleko kulturako dozenaka artistak bat egingo dute jaialdian. Dantza, musika, kirola, irudiak zein akrobaziak bertatik bertara ezagutzeko eta ikusteko modua izango da.

Besteak beste, breakdance atalari dagokionez, Herbehereetako The Ruggeds, Frantziako Inesteam eta eta Espainiako Rst Crew arituko dira. Los Angelesko (AEB) Poe One taldeak, bestalde, ikuskizuna aurkezteaz gain, epaimahai lanak ere egingo ditu. Suediako Kaynix taldeak bere dantzak erakutsiko ditu, eta Chey taldeko dantzariek ikuskizun berria estreinatuko dute.

Musikaren alorrean, Human-Beat Vox Vokaliks hirukotea arituko da. Rayden taldeak, bestalde, hip hop kontzertua emango du. Mediyama eta DJ Mesekin batera arituko da azken hori, 21:00etatik aurrera.

Muturreko kirolak ere leku berezia izango du biharko jaialdiaren barruan. Dirt Jump deritzon lehiaketa egingo dute. Erakustaldi ikusgarria izango da; bizikleta gainean salto ikaragarriak egingo dituzte arrapala erraldoietan.

Aurtengo saiorako berrikuntzak aurreikusi dituzte antolatzaileek. Bost Urban Dance lehiaketa egingo dute. Aurreko hilabeteetan, lehiaketa horretarako sailkapen jaialdiak egiten aritu dira. Kaleko dantzaren alorrean, Euskal Herriko bost talderik onenak nortzuk diren erabakiko dute biharko saioan. 3.000 euro banatuko dituzte sarietan.

Sarrerak erosteko aukera dago kutxa automatikoetan zein Internet bidez. Antolatzaileek azaldu dutenez, aurrez erosten dituenak hamar euroan eskuratu ahal izango ditu; leihatilan erosiz gero, berriz, hamabi euro ordaindu beharko dira. 10 urtera arteko umeak, gainera, doan sartu ahal izango dira, pertsona heldu batekin batera baldin badoaz.