Durangotik Gasteizerako autobus eredua aldatzeko eskatu du Bilduk

Durango eta Gasteiz lotzen dituen autobus zerbitzuak kexa ugari sortu ditu erabiltzaileen artean. Arabako Foru Aldundiak garraio linearen adjudikazioa berritzeko aurreproiektua onartu zuen joan den hilean. EH Bilduk salatu duenez, baina, aurrekoaren eredu berberari eusten dio. Hori dela eta, Mañaria, Izurtza eta Otxandioko alkateek iragarri dute euren udalek alegazioak aurkeztuko dituztela.

Autobus linea horren kudeaketa Arabako Foru Aldundiaren esku dagoela gogorarazi dute hirurek. Zerbitzua “arrisku eta mentura” ereduan adjudikatuta zegoela azaldu dute. “Hau da, foru aldundiak ez dio inolako laguntza ekonomikorik ematen linea horri, eta oso gutxieneko baldintzak eska ditzake soilik”, azaldu dute.

Era horretako adjudikazioak erabiltzaileen artean kexa eta salaketa ugari sortu arren, adjudikazioa berritzeko aurreproiektuak kudeaketa eredu berari eusten dio, eta hori dela eta, harrituta azaldu dira koalizioko ordezkariak. Bertako herrietako “mugitzeko premiak enpresa pribatu baten errentagarritasun irizpideen eskuetan” uzten dela salatu dute.

Horiek horrela, alegazioak aurkeztuko dizkiote aurreproiektuari. Besteak beste, kontratuaren eredua kontratu programara aldatzeko eskatu dute, eta baita beharrezko autobus maiztasuna bermatzea ere, besteak beste. Jakitun dira Bizkaiko udalen ordezkari izanik bide laburra duela euren eskaerak. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiari laguntza eskatu diote. Erabiltzaile, kaltetu zein herritarrei ere apirilaren 10a baino lehen alegazioak aurkezteko deia egin diete.