Gizarte zerbitzuak pribatizatzearen aurkako protestak areagotu egin dira azkenaldian han eta hemen. Oraingoan, babesik ez duten umeak eta nerabeak zaintzeko etxeak daude jomugan; hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiaren GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeak etxebizitza sare publikoko Murrieta etxea ixteko asmoa duelako. Barakaldon dago, eta 11 eta 13 urte arteko nerabeak bizi dira han.
Horrez gain, Bilbon eta Basaurin dauden beste bi etxebizitza erdi autonomo itxiko dituztela ere salatu dute sindikatuek eta beharginek. Hainbat protesta egin dituzte daborduko.
“Haur eta nerabeentzako zerbitzuen etengabeko pribatizazioa” gertatzen ari dela salatu du Aniceto Prieto LABeko ordezkari eta etxe horietako hezitzaileak. Zahartzaroari dagokionez, pribatizazioa “are handiagoa” dela ekarri du gogora, zaharren egoitzetako kudeaketan “ohiko joera” dela nabarmendu baitu.
Bizkaian adingabeentzako etxe horietan dauden 590 tokietatik, 138 soilik daude GUFEren esku. Gainerakoak itun bitartez jarduten duten enpresek kudeatzen dituzte.
Zentro horien guztien itxieren atzean “izen-abizenak dituzten negozioak” daudela uste du Prietok. “Murrieta ixtera doaz, baina, aldi berean, 500 metrora Stella Maris enpresak beste egoitza bat zabalduko du; gazte kopuru bera hartzeko ahalmena izango du, gainera. Hori da guk kritikatzen duguna”.
Foru aldundiko eta organismo autonomoetako enpresa batzordeak ohar baten bitartez azaldu duenez, “egia da Murrietako etxearen egoera ez dela egokia”. Arrazoi hori eman du Gizarte Ekintza Sailak zentroa ixteko. “Baina egia da, baita ere, duela sei hilabete eskas etxe bat erosi zuela foru aldundiak Barakaldon bertan, eta, zuzenean, Stella Maris enpresari utzi ziola, kudeatu zezan”. Etxebizitza hura Murrietako zentroa lekuz aldatzeko zergatik ez duten erabili galdetu du langile batzordeak.
Prietok gogora ekarri duenez, “ekonomisten arabera, gizarte zerbitzuak dira enpresentzako negozio gune berriak”. Izan ere, administrazio publikoari zerbitzuak bere gain hartzeak zein enpresa pribatuen esku uzteak gastu bera eskatzen dion arren, “sektore pribatuko beharginek ia erdia” kobratzen dutela azaldu du. “Enpresa bat kontratatzen denean, aurrekontuaren ia %25 kudeaketa deritzotenera bideratzen da. Diru hori beharginen soldatetatik kentzen dute; aldi berean, kudeatzaile eta teknikariek enpresa publikoetakoek baino askoz gehiago kobratzen dute”.
Bertakoen beharrizanak, gora
Murrietako etxearen egoera kaskarrean egoteaz gain, atzerriko adingabeen babes eskaerek behera egin dutela ere arrazoitu du foru aldundiak zentrook ixteko. Langile batzordeak datu hori onartu badu ere, gogora ekarri du %25 egin duela gora adingabe bizkaitarren eskaerak. Igoera krisiaren ondoriotzat jo dute.
Murrieta etxean lau adingabe baino ez dituztela azaldu dute, nahiz eta hamarrentzako lekua dagoen. Azalpena “erraza” dela diote: “Harrera sare pribatura bideratzen ari direlako. Hau da, kudeaketa publikoko zentroak husten dituzte, eta kudeaketa pribatukoak bete. Negozio biribila, zenbaitentzat”.
Protagonista nagusiei erreparatuta, Murrietan dauden adingabeak “babesik gabe” daudela azaldu dio Bizkaiko Hitza-ri bertako hezitzaile batek. Ez du izenik eman gura izan. “Foru aldundiak hartu ohi du tutoretza, gurasoek ezin dituztelako zaindu. Hainbat arrazoi egoten dira tartean: arduragabekeria, abusuak… Kasu bakoitzak arazo desberdinak izaten ditu”.
Egoitza horretan dauden lau adingabeetatik bi bikiak dira; 11 urte dituzte, eta ezinduak dira. Gainerakoek 12 eta 13 urte dituzte. Horietako bat egoitzara oraintsu iritsi bada ere, gainerakoek bertan denbora luzea daramatela azaldu du hezitzaileak. Aldaketak “deserrotze emozionala” eragingo liekeela uste du. “Beste herri batera eramaten badituzte, gainera, horrek beste deserrotze bat” sortuko lieke. “Erreferentziazko pertsonak galtzen dituzte; hau da, gu geu, hezitzaileok Geu gara-eta egunero euren ondoan gaudenak”. Ezinduei dagokienez, “aldaketa horrek eurengan are eragin handiagoa” izango lukeela ohartarazi du.
Zentroaren itxiera maiatza baino lehenagorako aurreikusita dagoela azaldu du Aniceto Prietok. Adingabe horiek etxea ez ezik ikastetxea ere aldatu beharko luketelakoan, Gizarte Ekintza Sailak, gutxienez, ikasturtea bukatu arte itxaron beharko lukeela iruditzen zaio.
Enplegu galerari dagokionez, Pilar Ardanza buru duen sailak horrelakorik ez dela gertatuko iragarri arren, errealitatea bestelakoa dela deritzo langile batzordeak. “Egia da Murrietako eta erdi autonomoak diren etxeetako beharginak ez direla kalera joango. Ez dute argitu, ordea, zer gertatuko den zerbitzu horretan ordezkapenak egiten dituzten beharginekaz”.
Ordezkapenak antolatzeko orduan “foru aldundiak darabiltzan murrizketa politikek enplegua desegin” egiten dutela diote. Bada, zentro horien itxierak “politika hori areagotu” egingo duela salatu dute.
Zerbitzu publiko bat enpresa pribatu baten esku uztea salatu du batzordeak, enpresa horien “helburua irabaziak lortzea” delako. Beraz, “herritarren eta, zehatzago, beharrizan handienak dituztenen eskubideak negozio huts” bilakatzen dituztela nabarmendu dute.
Auzia Bizkaiko Batzar Nagusietara ere iritsi da. EH Bilduk hala eskatuta, azalpenak eman zituen astelehenean Pilar Ardanza Gizarte Ekintza ahaldunak. Galdetu zioten argitzeko zerbitzu horiek zergatik ez zuten sistema publikoan segitu behar.
Zentrook ez dituztela pribatizatuko esan du Ardanzak, eta etxebizitza horien kudeaketa “irabazi asmorik ez duten hirugarren sektoreko” elkarteek egiten dutela azaldu. Egun etxeotan lanean ari diren 73 hezitzaileen lanpostuak mantendu ez ezik, beste bat sortuko dela ere esan zuen.
Langile batzordeak, ordea, “informazioa manipulatzen” ari direla esan du. “Ezin dezakegu babesik gabe dauden adingabeen harrera bezalako egoera delikatuak trukerako txanpon bihurtzen utzi. Diputazioari eskatzen diogu gizarte zerbitzuei eustearen aldeko apustua egin dezala; zerbitzu publikoen eta kalitatezkoen alde. Bide horretatik, bere erabakia berriz hausnartu dezala eskatzen diogu. Erabakia politikoa baita”.
Beharginek protestekin jarraituko dute. “Erabakia hartuta” dagoela jakin badakiten arren, egoera salatzen jarraitu nahi dute.