Udaberriko kultur festa

Joan da sasoi bat, heldu da bestea. Gutxi gorabehera, hiru hilean behin gertatzen da urtaro aldaketa, eta hiru hilean behin ospatzen dute Deustuko Erriberako 47.enean. Eta udaberria ospatzea da oraingoan ZAWP Zona Franca jaialdiaren asmoa. Hiru eguneko egitaraua prestatu dute horretarako Zorrotzaurren; gaur hasi eta igandera arte, kultura, arte eta gizarte mugimenduei astindu bat ematea da antolatzaileen helburua. Hiru egunez. Jazz kontzertuak, arte erakusketak, tailerrak, azokak eta beste hainbat ekitaldi prestatu dituzte horretarako. Neguan ondutakoa, beraz, udaberrian eramango dute kalera.

Gaur izango dute inaugurazio jaia Zawp plazan, 20:00etan, eta Zorrotzaurreko kultur espazio gehienetara hedatuko da egitaraua ondoren. Asteburu osoan izango dira ikusgai arte eta moda erakusketak bertan, eta hamaika ekitaldi prestatu dituzte gero. Irekiak batzuk, eta ordainpekoak besteak.

Antolatzaileek eman dute jaialdiaren xedearen azalpena. “Zona Franca ZAWPeko ospakizun bakoitzean erritmo, zapore, itxura eta kolore anitzen nahasketa bilatzen da, Bizkaian dauden diziplina artistikoen artean pertsona mailako lotura bat ezartzeko”.