Etenik gabeko festa

San Jose jaiak

Bilbo

Deustuarrek ez dute etenik hartuko asteburu honetan, eta San Jose jaien ospakizunei ekingo diete berriz. Gaur hasi eta domekara bitartean, egitarau zabala prestatu du jai batzordeak.

Abestien doinuekin hasiko dute jardueraz betetako asteburua. 20:00etan, Kantujira abiatuko da, Done Petri plazatik, Deustuko Kantugintza taldearekin batera. Ordu erdi geroago, gazte lokalak bi musika talderen kontzertuak hartuko ditu: High Lights eta Kilauea, hain zuzen. Txosnetara zabalduko da geroago giroa. Izan ere, 22:00etan hasita, Mister Jam eta Akatz musika taldeak ariko dira.

Gaurko eguna berandu bukatuko dela jakin arren, bihar goizetik emango diote hasiera, berriz ere, programazioari. 11:00etan joko dute diana, eta txupina jaurti. Ordu horretan bertan, eskuz egindako produktuen azoka zabalduko dute.

Erraldoiak agertuko dira handik gutxira; Blas de Otero kalean jarri dute ordua, 11:30ean. Ikastolako Gure Herria taldeak, bestalde, dantza erakustaldia eskainiko du, 12:00etan. Agertokia, berriz ere, Done Petri plaza izango da. Gastronomiak ere bere tartea hartuko du. Tomate Nagusia sukaldaritza txapelketa antolatu dute 12:00etan, leku berean.

Umeek tailerrak egiteko aukera izango dute Botika Zaharrean. 12:30ean izango da hori. Ordu berean, igel eta ping-pong txapelketak jokatuko dira frontoian. 15:00etan aurkeztu beharko dira sukaldaritza txapelketako platerak, eta, sari banaketen ostean, bazkari herrikoia egingo dute.

20:00etan, kuadrilla eta konpartsen playback txapelketa izango da. Hazte caso primo eta T. R. Mistery taldeen kontzertuak izango dira, bestalde, Gazte lokalean, 20:30ean. Gaua bukatzeko, Izerdi Gorria taldea ariko da txosnen gunean.

Azkenik, domekan estropaden erakustaldia egingo du Deustuko Arraun taldeak, 11:00etan. Bihotz Alai eta Mikeldi taldeek euskal dantzak interpretatuko dituzte ostean, 12:00etan.Kuadrillen eta konpartsen beste lehia bat izango da 14:00etan: Tortilla txapelketa, hain zuzen. Tomatea erre eta parrillada batekin emango diete bukaera ospakizunei, datorren urtera arte, Done Petri plazan.