Elorrioko emakume alargunak zer-nolako egoeratan bizi diren aztertzeko ikerketa bat aurkeztu zuten joan den eguaztenean Iturri kultur etxean. Herriko emakume alargunen elkarteak eta udalak eskatuta, Aditze enpresak egin du azterketa, eta enpresako behargin batek eman zuen ondorioen berri. Nagusietako bat honako hau da: “Zailtasun handiak dituzte administrazioko oharrak zein agiriak ulertzeko, askok irakurtzen ere ez dakitelako, edo oinarrizko ikasketak besterik ez dituztelako”. Hala azpimarratu du Oihana Medinak hitzaldian.
Populazio sektore horretako egoera soziodemografikoari buruzko azterketa da plazaratutakoa. Orain arte arlo horri buruzko oso datu gutxi zeuden. Eustaten 2006 eta 2011ko datuak erabiltzeaz gain, 38 emakumeren inkesten datuak ere baliatu ditu azterketa egin duen enpresak ondorioak ateratzeko.
Gaur egun 434 emakume alargun bizi dira Elorrion. Horietatik, hemeretzi 54 urtetik beherakoak dira; beste 55, 54 eta 65 urte artekoak; eta gainontzeko 370 andreak, 65 urtetik gorakoak. Horien artean, 21 alfabetatu gabeak dira. Eta 86 ikasketarik ez dutenak. Oinarrizko ikasketak 297 emakumek dituzte. Gehienek, beraz, administrazioarekiko harremanak idatziz egiteko zailtasunak dituztela ohartarazi du Medinak. Hain zuzen, “%61ek aitortu dute ez dituztela ezagutzen udalak eskaintzen dituen laguntzak”.
Osasunari dagokionez, %53k gaixotasunen bat dutela aitortu dute. %11k, bestalde, depresioa dutela diote. Datu hori nabarmentzekoa iruditu zaio Medinari.
Eskaileretan zailtasunak
Eguneroko bizitzari dagokionez, %35ek esan dute eskailerak igo eta jaisteko zailtasunak dituztela. Datu horrekin lotuta, gogorarazi du gehien-gehienek ez dutela igogailurik etxean: %71 daude egoera horretan. Zailtasun horren atzetik, alargunek aitortu dute 400 metro ibiltzea kostatzen zaiela —%24k—; beste horrenbestek erosketak egiteko zein kalera ateratzeko zailtasunak dituzte.
Emakume alargun horietako asko bakarrik bizi da etxean: 37, hain zuen. Horri dagokionez, Medinari garrantzitsua iruditu zaio azpimarratzea gehienak 65 urtetik gorakoak direla. Etxea, behintzat, eurena da ia kasu guztietan. Hala ere, “sarri seme-alabekin partekatzen dute, herentzia kasuetan jabeak senarra eta biak izan ohi direlako”.
Etxebizitzetako ekipamenduei dagokienez, guztiek dituzte oinarrizko etxetresnak: hozkailua, garbigailua, sukaldea, telebista eta telefonoa. Ez da gauza bera gertatzen ontzi garbigailuarekin edo ordenagailuarekin. %32k eta %18k besterik ez dituzte aparatu horiek, hurrenez hurren.
Aisialdiarekin lotuta, %24k zailtasunak dituzte kanpoan jardueraren bat egiteko. “Gehienbat bakarrik daudelako gertatzen da hori. %78k aitortu dute norbaiten laguntza falta zaiela gauza horietarako”.
Ekonomiari erreparatuta, %68ren sarrera bakarra alargun pentsioa da: 400 eta 600 euro artean dituzte hilean, batez beste.
Medinaren ustez, administrazioek kontuan hartu beharko lukete herritarrak alargunak diren ala ez. “Ez soilik adinari erreparatu, aldagai hau ere garrantzitsua baita. Gauzak beste era batera egin beharko liratekeela deritzot”, ohartarazi du.