Garraio publikoaren politiken “porrota” salatu dute Bilboko auzo elkarteek

2003 eta 2012 bitartean, garraio publikoak 9,7 milioi erabiltzaile galdu zituen. Hala baieztatu du Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak Bilbo eta inguruetako garraio publikoari buruzko Liburu Zuriaren eguneratzearen berri ematean. Datuok jasota, garraio publikoaren alorrean egindako politiken “porrota” salatu dute.

Francisco Javier Muñoz auzo elkarteen federazioko presidenteak jakinarazi ditu, beste batzuekin batera, datuok. 2007 eta 2013 artean gauza azpimarragarriak gertatu zirela deritzo: “Batetik, behera egin zuen garraio publikoaren erabilerak; %7,8, hain zuzen. Hala ere, batez beste, garraio publikoaren kudeaketa duten enpresek %15,8 diru gehiago bildu dute, eta KPIak %10,9 egin du gora”. Langabeziaren gorakada ere aipatu du. “Bitxia da, krisi ekonomikoan murgilduta, erabiltzaileek behera eginda, diru bilketak gora egin izana”. Hori horrela izateko tarifak igo dituztela azaldu du. Gehien garestitu diren zerbitzuak trenetakoak izan direla esan du Muñozek: Renfe, FEVE, metroa eta tranbia.

Jaurlaritzaren 2002-2012ko plan gidatzaileak ezarri zituen helburuak paperean geratu zirela deritzo. “Ez dira bete. Asmoa zen ibilgailu pribatuaren erabiltzaileak garraio publikora bideratzea. Bilbon ikusi dugu 2008ra arte metroak irabazi dituen erabiltzaileak —13 milioi— Bizkaibus eta Renferi kendu dizkionak direla —6 milioitik gora, kasu bietan—. 2012ra bitartean, ordea, metroak berak ere galdu egin ditu erabiltzaileak. Ez da ikusi, ordea, Bilbora doazenei edo handik ateratzen direnei dagokienez, gutxitu egin direnik ibilgailu pribatuaren erabiltzaileek”. Bilbo barruan, ostera, bai, behera egin du autoan dabiltzanen kopuruak.

Muñozek berba egin du Bizkaiko Batzar Nagusiek eratu duten batzorde txostengileaz ere. “Helburua da garraioaren agintaritza bakarra sortzea”. Uste du interesatzen zaion erabiltzaileari abantailak emateko ahalmena izango lukeela erakunde berri horrek, eta aukera hori aprobetxatzea nahi luke. “Esaterako, Bilbora gehienak ibilgailu pribatuan joaten dira. Beraz, Bilborako garraio publikoaren prezioak murriztu daitezke, jendea erakartzeko”. Zehaztu du erabiltzaileak eurak ere ohitu egin behar direla garraio publiko batetik bestera aldatzera.

Horrez gain, “prezio bateratuak” eskatu ditu Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak. “Ez da gauza bera Bilbora autobusez edo metroz joatea. Garraioaren araberako tarifak daude. Horrez gain, ibilbide horretan bi garraio enpresatako zerbitzuak hartu behar izanez gero, Barik txartela birritan balioztatu behar da, Bilbobusen kasuan izan ezik”.

Txartel bakar egokiaz

Txartel bakarrak, beraz, haratago joan beharko lukeela deritzo. “Jatorritik helmugara dagoen distantziaren araberako tarifa eskatzen dugu, garraiobide bat edo beste bat erabiltzen duzula ere”. Urteotako balantzeari “oso pobre” iritzi dioten arren, 2013an eta 2014an Barik txartelak “aldaketa txiki bat” ekarri duela aitortu du Muñozek.

Hobetzeko proposamena egin du: “Txartel bakar aproposa litzateke Bartzelonako probintzian dutena. Txartel horrekin batetik bestera joan zaitezke, jatorritik helmugara dauden kilometroen arabera eta igaro behar dituzun guneen arabera neurtuta. Distantzia batek prezio bakarra beharko luke izan, nahiz eta garraio bat baino gehiago erabili. Adibidez, Zornotzatik San Ignaziora (Bilbo) iristeko hau izan daiteke bidaia: Eusko Trenekin iristen zara Atxuriko geltokira, eta han autobusa hartzen duzu, eta, gero, metroa. Horrek prezio eta txartel bakarra izan beharko luke. Egun, hori ezinezkoa da: Eusko Trenek tarifa bat kobratzen dit, autobusak beste bat eta metroak beste bat, nahiz eta guztiak ordaintzeko Barik txartela erabili dudan”.

Bestalde, komunikazio eskasagoak dituzten eremuekiko zerbitzua indartu beharraz ere ohartarazi du. Besteak beste, Enkarterriren kasua aipatu du. “FEVEk oso zerbitzu txarra ematen die, eta garestia. Bizkaibusek erabiltzaileak lapurtu dizkio, eta lehia sortzeko geltokiak eta ordutegiak jarri ditu autobus zerbitzuak. Eremu horiek sustatzearen aldeko apustua egin behar da, eta beste leku batzuetatik soberan dauden baliabideak horietara bideratu”.

Bilbo hegoaldeko saihesbidearen, Artxandako tunelen eta antzeko azpiegituren alde Bizkaiko Foru Aldundiak egin ohi duen apustua ere salatu dute: “Horrelakoak ez dira eraginkorrak, eta garestiak dira”.