Itsasoak gomutak eroan ez ditzan

Sirena hotsak, itsasotik datorrenaz ohartarazteko, Lemoizko Armintzako portuan. Beldurrik ez da, baina. Bai, ordea, emozioz betetako ekitaldia. Oroitzapenerako tartea. 77 urte igaro dira Matxitxakoko gudua handik gertu gertatu zenetik. Kandelaria Kultur Elkarteak ez du egun esanguratsu hori ahaztu gura izan, eta omenaldia kostaldeko herri txiki batean egin gura izan dute orain. Hori dela eta, herenegun portu hartan elkartu zituzten gudarien senideak eta Matxitxako elkarteko kideak.

Portuan bertan egin zuten ekitaldia. Harrera egin zieten guztiei, eta horren ostean, oinez abiatu ziren moilara bidean, biolinaren doinuek lagunduta. Lore eskaintza eta turuta hotsak ere izan ziren “omenaldi xumea” izatea helburu zuen ekitaldian.

Hala azaldu zuen, behintzat, Kandelaria elkarteko kide David Crestelok: “Gudariak jada hilda daude. Hala ere, harreman zuzena izan dut nik senide batzuekin, eta izugarria da zelan sentitzen dituzten era horretako egunak. Ez dute inolako gorrotorik”, ekarri du gogora, mirespenez beteta.

Horren harira, gertakari horiek gogoratzearen “garrantzia” azpimarratu du. “Oso garrantzitsua da, batetik, memoria zaintzeko, eta, bestetik, haiei omenaldia egiteko”. Gogora ekarri duenez, gerra sasoitik haratago ere presio handia sufritu behar izan zuten Francoren erregimenaren aurka zeudenek. “Lemoizko batek kontatzen du zelan frankistek aita harrapatu zuten Nabarra bouan. Arrantzalea zen, eta arrantzan ari zen bitartean, Guardia Zibila baserrira joaten zitzaien, aitari buruz galdetzera. Garrantzitsua da memoria hori zaintzea”.

Eguazteneko ekitaldia aprobetxatu zuten nabarmentzeko era horretako gertaerak ez direla albo batera utzi behar data biribiletatik aparteko egunetan. “Duela bi urte izan zen gertaera horien 75. urteurrena. Horrelako urteurren bat ez dagoenean, ahaztu egiten zaigu gertatutakoa, eta guk gogoratu egin gura dugu, gogoratzen lagundu. Eskolan ikasi ez genuen gertaera bat da, eta denok oroitu behar dugu, ez bakarrik senideek”, iritzi dio Crestelok.

Bide batez, iaz hil zen Juan Pardo San Gil ere omendu zuten. “Euzkadiko Gudontzidiari buruz gehien ikertu duena da; hari esker ikasi dugu dena. Hura izan zen Matxitxako elkartearen sortzaileetariko bat. Utzi digun altxorra izugarria da, gainera. Marinavasca.eu webgunean dago guztia jasota”, azaldu du. Haren ikerketa lan guztia publiko egin zuela eta sarean edonoren esku jarri zuela nabarmendu du.

920 gudariak gogoan

Euzkadiko Gudontzidiko 920 gudariak izan zituzten gogoan omenaldian. Matxitxakoko borrokaldia, baina, bihurtu da entzutetsuena. “Mito” ere bai: “Guk geuk bihurtu dugu mito”, adierazi du Crestelok. “Azken urteetan, Nabarra boua bilatzen aritu dira, eta horrek ere lagundu egin du”.

Mitifikatzeko prozesu horretan duela bi urteko ekitaldiek ere eragina izan zutela deritzo Crestelok. “Matxitxako elkarteak gogora ekarri zuen Canarias ontziko komandanteek zelan eskatu zioten Francori preso hartutako Nabarra bouko gudariak askatzeko”. Eta lortu ere egin zuten. Jarrera hura “oso esanguratsua” izan zela deritzo.

Armintzan lehenengoz antolatu du Kandelaria Kultur Elkarteak omenaldi hori. “Hala egin dugu, gainerakoan herri txiki hauetan zaila delako era honetako egitasmoak aurkitzea. Euzkadiko Gudontzidian, gainera, Armintzako bizilagunak ere egon ziren. Batzuk hil egin ziren; beste batzuk preso hartu zituzten”, argitu du elkarteko kideak. Bestalde, Matxitxako elkarteak datorren martxoaren 30ean egingo du ekitaldia, urterokoa, Bermeon; Matxitxako lurmuturrean.