“Gutzienen hizkuntza”

Badu, bada. Euskara mundu eleanitzean erakusketa iritsi da Bilboko Alondegira. Donostiako San Telmon izan zen lehenengo, ondoren Baionan eta Gasteizen, eta maiatzaren lau arte izango da Bilbon ikusgai. Agintariek erakusketa aurkeztu zuten, goizean prentsa aurrean eta arratsaldez gonbidapenekin. Goizean goiz, erakusketaren nondik norakoak ezagutzeko asmoz prentsaurrekora bildu ginen, eta hara gure sorpresa, Bilboko Udaleko oharrak horrela zioen “Bilboko udalak euskara eta gutzienen hizkuntzen inguruko erakusketa bat antolatu du AlóndigaBilbaon”. Hizkuntza gutxituen inguruko erakusketa, gutxi batzuk erabiltzen dugun hizkuntzaren inguruko esposizio bihurtu zen. Udalak euskarari ematen dion tratamendua ikusita, titulua ulertzen dugu, euren ustetan gutxi batzuk baikara Bilbon euskaraz lan egiten dugunak eta bizi garenak. Ez da udaleko prentsa oharra ulertezina den lehen aldia; askotan, euskaldunok erdarara jo behar izaten dugu, aurkeztutakoa ulertu ahal izateko. “Hiri erdaldunaren irudia ematen omen du Bilbok, baina egiazki euskaldun gehien dituen munduko hiria da”, eta ez dut nik esan esaldi hau. Horrela kontatu zigun Kike Amonarrizek Tribuaren berbak saioan. Datu mordoa plazaratu zizkigun gure hiriaren inguruan, eta pozik entzun genituen. Bilbokoak ez diren lagunen artean askotan aldarrikatu eta esan behar izan dugu Bilbo hiri euskalduna dela, eta, askok harridura aurpegiaz begiratu arren, sinetsita gaude horrela dela. Baina gure agintarientzat, izen ofiziala Bilbao da, eta Arriaga antzokian aparilan ikuskizun ikaragarriak izango dira. Batek baino gehiagok pentsatuko du horiek akats txikiak direla, idazterakoan konturatu gabe egiten diren horietakoak. Baina akats horiek aldizkari ofizialetan, triptikoetan, iragarki erraldoietan eta prentsa oharretan ikusten ditugunean zalantzan jartzen dugu. Iritsiko da gure instituzioetara egunen batean euskararen marka, eta espero, Gipuzkoako Foru Aldundiak bezala, euskarari lehentasuna ematea, saihestea espainieraz bakarrik aritzea, eduki garrantzitsuak beti euskaraz azaltzea. Badu Bada, erakusketa izateaz gain, espazio egokia eta iradokitzailea izango da hizkuntza gutxituen ezagutza, onarpena eta promozioa ahalbidetuko duten ekintzak burutzeko. Erakusketak bertatik esan beharko digu gure udaleko agintariei euskaratik idatzi behar dituztela prentsa oharrak, euskaraz lan egin nahi dugulako eta bilbotarrak euskaraz bizitzeko eskubidea dugulako, nahiz eta “gutzienen hizkuntzan” mintzatu.