Plentziako gaztetxeak proposatu dion proiektua onartu du udalak

Plentziako Ermitatze gaztetxearen etorkizuna forma hartzear dago jada. Izan ere, udalak onartu egin du gaztetxeko batzordeak aurkeztu duen proiektua. Hartara, gazteek azpiegitura erabiltzen jarraitu ahal izango dute.

Horren arabera, eraikina lau eremutan zatituta egongo da. Eremu horietako bat elkarte batentzat izango da. Argitzeko dago oraindik zein izango den. Beste batean, gaztetxea bera egongo da. Hirugarrena musika taldeek entseguak egiteko erabiliko dute. Horretan, bi entsegu-lokal mota proposatu dituzte. Batetik, hasi berriak diren taldeek erabili ahalko dutena. Bertan, gaztetxeak berak utzitako materiala egongo litzateke, taldeok erabili ahal izateko. Bestea herrian jadanik sortuta dauden taldeentzat litzateke.

Azkenik, erabilera anitzeko gune bat proposatu dute. Azken horren kudeaketa ez da gaztetxeko batzordearen esku egongo. Talde bat sortuko da horretarako. Erakusketak eta ikus-entzunezkoak egiteko eremua izango da. Egun, esaterako, domeketan haurrentzako zinema ematen dute ikus-entzunezkoetara bideratu gura duten eremu horretan. Gaztetxearen gunea gaztetxeak berak kudeatuko du, eta gainerako guneak elkarte edo musika taldeen esku geratuko dira.

Herrian dauden beharrizanak oinarri hartuta egituratu du proiektua gaztetxeko batzordeak. Hala ere, lokala elkarte eta taldeen elkarlan eta parte hartzearekin kudeatzea dute helburu. Lokala egokitzeko egin beharreko obra, gainera, ez dela oso handia azaldu dute. Arkitekto batek diseinatu ditu egin beharko liratekeen moldaketak.

Epaitegietatik akordiora

Gazteek gaztetxea sortu eta Plentziako Udalak salaketa ipini zienean, prozesua bide penaletik joan zela azaldu dute gaztetxeko batzordekoek. “Fiskaltza, baina, lehenengoz, okupatzaileen alde jarri zen, eta artxibatu egin zuten salaketa”. Udala bera ere “ez zen akusazio gisa aurkeztu”.

Akordio bat lortzeko lanetan hasi ziren gaztetxekoak orduan. Hasieran, udalak lokala zatitu gura izan zuen. Hiru zati enpresa pribatuentzat utzi gura zituen, eta bakarra gaztetxearentzat. Azkenean, baina, gaztetxeko batzordearen proposamena onartu du.