Ontziolarako lan karga eskatu dute Sestaoko Navaleko beharginek

Sestaoko Naval ontziolako langileek manifestazioa egin zuten joan den eguazten goizean. Ontziolatik bertatik atera eta Santurtzira arte egin zuten martxa, eta lan karga aldarrikatu zuten beharginek. Horrez gain, erakundeei eta ontziolaren jabeei erreakzionatzeko deia egin zieten; baita ontziolaren etorkizunaren eta euskal ontzigintzaren aldeko apustua egin dezaten ere.

Naval konponbidea. Lan karga, berehala! lelodun pankarta baten atzean egin zuten Santurtziko parke nagusira arteko bidea. Bertan, enpresa batzordearen komunikatua irakurri zuten. Ohar horretan ohartarazi zutenez, martxoan entregatuko dute oraingoz aurreikusita daukaten azken ontzia. Horren ostean, ontziola “oso egoera larrian sartuko da, eta haren etorkizuna kolokan gera liteke”.

Enpresa batzordeak gogora ekarri zuenez, Naval da “azken industria bastioia”. Ontziolan, egun, 1.500 langile daudela azaldu zuten —behin-behineko beharginak eta finkoak zenbatuta—. Horrez gain, ontziolaren egoerak eragin negatiboa izango du “zerbitzuen sektorean eta Ezkerraldean”, haien iritziz. Horren harira, eskualdeko langabezia tasa altua gogoratu zuten.

Era berean, interes komunak dituen euskal ontzigintzaren kolektiboa sortzeko eskatu zuen enpresa batzordeak. Helburua administrazio publikoan eragina izatea eta sektoreko interesen aldeko erabakiak sustatzea litzateke.

Beharginen ustez, ezin daiteke utzi “ahalmen industrial handia duen” Navalen gisako enpresa historiko batek ontzien kontrataziorik gabe jarraitzea, beste ontziola batzuek kontratuak tax lease bitartez edota kontratu zuzenak gauzatuz egiten dituzten bitartean. Tax lease kostu ekonomiko handiko produktuak erosteko baliatzen den sistema bat da. Haren helburua da enpresa erosleek ahalik eta zerga txikienak ordaintzea, eta, hartara, erosleari produktua bera merkatzea. Sektore eta enpresa askok erabili dute sistema hori, baina bereziki mesedegarria izan da ontziolentzat, beren produktuen kostuak gutxitu zitzaketelako lehiakideei aurre egiteko aukera gehiagorekin.

Enpresa batzordeak salatu zuenez, ontziolak kontratu berririk eskuratzen ez duen bitartean, 2010az geroztik bederatzi lan erregulazio txosten izan dituzte. “Beharginek langabezia gastatzen jarraitzen dute, eta Ezkerraldean beharrik gabe daudenen kopuruak goraka segitzen du”.

Eguazteneko martxak Sestaoko Udalaren babesa ere izan zuen. Hain zuzen, alderdi guztiek onartu zuten ontziolari babesa emateko adierazpena. Navalen bideragarritasuna bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartzeko eskaera ere egin zuten adierazpen horretan.