“Taberna eraitsi behar dutela esan, eta ez digute beste aukerarik eman”

Olatuen soinua Garmendia tabernaren doinua izan da 1933an zabaldu zutenetik, Muskizko Arena hondartza aurrean. Tabernak laster utziko dio ogitartekoak eta freskagarriak saltzeari. Jose Mari Garmendia (Abanto, 1935) bertako jabea izan da azken 25 urteetan. Espainiako Kosta Legea dela eta, martxoaren 17an behin betiko itxi beharko duela jakinarazi diote. Albistea “atsekabez” hartu du.

Hondartza inguruetan igaro du bizitza osoa. Egungo eraikinetik oso gertu zegoen Garmendiaren gurasoek zabaldu zuten lehenengo taberna; han bertan jaio zen, olatu artean. “Aurreko taberna hartan anai-arreba guztiok etorri ginen mundura. Gurasoek kontatzen zigutenez, etxea nahiko egoera txarrean zegoen, ehun urte baino gehiago zituelako, eta beste toki batera mugitzea erabaki zuten”. Hala ere, itsasoa begi bistan mantendu eta ez ziren oso urrutira joan. “Berehala zabaldu zuten egungo Garmendia taberna, nik hilabete batzuk nituela”, gogoratu du. Denborak aurrera egin ahala, eraikinari zenbait aldaketa egin behar izan zizkioten; baina “auzokide guztiek ezagutzen zuten hasierako taberna haren xarma” mantentzen saiatu zen Garmendia familia. Gurasoek erretiroa hartu zutenean, Jose Mari Garmendiak hartu zuen lekukoa, eta, geroztik, beti ibili da tabernari eta itsasoari so. “Garaiak kontuan hartuta, atzerrira joan behar izan nintzen, eta hamalau urte igaro nituen Frantzian. Azkenean, jaioterrira itzuli nintzen, eta beti ibili izan naiz hondartzatik gertu”.

Bizkaiko Foru Aldundiak jabeari ohartarazi dionez, martxoaren 17an hasiko dituzte taberna eraisteko lanak. Eraikinak ez ditu betetzen Espainiako Kosta Legeak finkatzen dituen irizpideak, eta desagertzera kondenatu dute. Garmendiak azaldu duenez, lur eremua enkantean jarriko dute, eta 150 metro koadroko terraza bat eraikiko da bertan. “Ez da gauza bera izango. Udara begira ondo egongo da; baina, nire ustez, barra bat eta urte osoko zerbitzua eskaini beharko litzateke hemen”. Hala ere, ilusioz jarraitzen du Garmendiak azkena izango den hilabete honetan lanean. Asteotan, haizea dela eta, oholtza batzuk erori dira. “Hondartzan bertan gaude, babesik gabe, eta haizeak gogor jotzen duenez, konponketa txikiak egin behar izaten dira sarri”. Iltzeak jarri edo olanak konpontzen ibili da azken egunotan, hain zuzen. Auzokideek eta lagunek laguntzen diote zeregin horietan, nahiz eta laster entretenimendu horiek bukatuko zaizkien. “Kosta Legearen ondorioz, taberna eraitsi behar dutela adierazi, eta ez digute beste aukerarik eman”.

Herrian oso taberna ezaguna da, bainularien egarria eta gosea asetzen zituzten negozio zaharrenetariko bat baita. “Udan jendez gainezka egon ohi zen taberna. Urte osoan, eguraldiak lagunduz gero, asteburuetan ere bezeroak izaten ditugu. Paseoan datoz hondartzara, eta, gero, hona etorri ohi dira. Tamalez, martxotik aurrera paseatzen jarraitu beharko dute”. Jose Mari Garmendiaren seme-alabek ez dute negozioarekin jarraitzeko asmorik. “Pena da, baina hondartza honetara lotzen gaituen izena memorian geratuko da”.

Negozioa alde batera utzita, Garmendiak “nahigabez” eta “amorruz” itxiko ditu ateak. “Asko hunkitzen du taberna horrela galtzeak. Izan ere, nik hemen igaro dut nire bizitza osoa”. Gaur egun, oraindik negua dela, bera, arreba eta beste bi langile ibiltzen dira bertan. Udan, ostera, zazpi edo zortzi langile egoten ziren sukaldean janaria prestatzen edo mahaiak zerbitzatzen. “Orain, denak kalera joango dira; langabezia handiagoa”.

Garmendiaren arabera, aspaldi eduki zuten eraisteko asmoaren berri. Aurrean, Itsas Gane jatetxea zegoen, eta, lege berbera oinarri hartuz, 2009an eraitsi zuten. “Zenbait politikarik urteak igaro dituzte gure atzetik, taberna botatzeko borrokan, eta, azkenean, lortu egin dute”, gogoratu du, penatuta.

Oroitzapenen gordailu

Bezeroek ere “atsekabea” dutela azaldu du jabeak. “Inguruetako auzokideek jakin badakite. Bilbora noanean ezagunek ere galdetu egiten didate, eta animoak ematen dizkidate askok”. Ohiko galderen artean, tabernaren aldamenean dauden bainularientzako aldagelekin eta komunekin zer gertatuko den itauntzen diote. “Nik dakidala, ez dituzte botako, nahiz eta desagertzear dagoen gure tabernatik hamar metro eskasera egon”.

Itsasoari begira gogoratzen ditu Garmendiak harea gainean igarotako hamarkadak. “Ordua iritsi da; hemen bukatu da nire ibilbidea. Taberna eraisten dutenean, ortuan emango ditut egunak, lagunen konpainian”. Azken aste hauek ohiko karta txapelketak jokatzeko baliatu dituzte. Kuadrillarekin elkartu eta orduak igarotzen dituzte itsaso parean. “Auzokideekin egoteko aukera daukagu, eta barre egiten dugu gogotik arratsaldeetan. Garmendia taberna desagertzen denean, elkartzeko beste toki bat bilatu beharko dugu. Hala ere, beti gogoratuko ditugu hemen barruan elkarrekin igaro ditugun ordu paregabeak”. Gaur ere, kartetan ibiliko da lau horma zaharren artean. Betiere, tabernako leihotik Kantauri itsaso harroak sortzen dituen olatuei begira.