Eskuizkribuen sekretuez

Erdi Aroko kaligrafiari buruzko ikastaroa emango dute asteburuan Enkarterriko museoan. Bihar eta igandean emango dituzte eskolak. Erdi Aroko idazkietan ageri ohi diren letra maiuskulak zelan egin ikasiko dute bertaratzen direnek. Horrez gain, papiroak eta pergaminoak erabiliko dituzte. Baita monasterioetan eta beste leku batzuetan idazteko erabiltzen zituzten erremintak ere: besteak beste, idazlumak, hegaztien lumak, luma metalikoak, pigmentu naturalak zein urrezko eta zilarrezko argiztapena.

Era horretako izkribuak interesatzen zaizkien guztiei ikastaroan parte hartzeko deia egin die Esperanza Serranok —hark gidatuko ditu saiook—. Haren esanetan, “edonor saia daiteke”. Letra batzuk oso zailak izan arren —barruan eszena batzuk jasotzen dituztenak ere badaude—, beste batzuk “errazagoak” direla ekarri du gogora.

Duela bost mendera arte ez zegoen inprimatutako libururik. Beraz, testuak gordetzeko zein zabaltzeko modu bakarra eskuz idatzitako kopiak ziren. Garai hartan lantzen ziren idazketa moduak berreskuratu edo bertatik bertara ezagutzeko aukera zabalduko dute, bada, bihar eta igandean. Kaligrafiaren arteaz gozatzeko modua izango dute ikastarora doazenek.

Idazketa mota hori lantzen zutenek zein traba eta arazo zituzten ere ezagutu ahal izango dute. Izan ere, ordu luzeetan kaligrafia zehatz haiek idazteak kalte asko eragiten zizkieten: ikusmen arazoak sortzen zitzaizkien, bizkarrezurra okertu egiten zitzaien, eta, azken finean, gorputz osoak nabaritzen zituen behar astun horren ondorioak.

Enkarterriko museoan emango dute ikastaroa. Izena emateko bi bide erabil daitezke. Batetik, asociacionbilbainacaligrafia@ gmail.com helbidera idatz dezakete parte hartu gura dutenek. Bestetik, 94-650 44 88 telefono zenbakira deituta ere egin daiteke.