Elorrioko hiri planari ipinitako helegitea onartu du Gorenak

Elorrioko Auzoak koordinakundeko kideak “pozik” daude Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin duelako Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren kontra jarri duten helegitea. “Guretzako oso garrantzitsua da hori”, esan du Xabier Zarandona koordinakundeko idazkariak. “Batetik, gure aldarrikapenak zentzuzkoak direla baieztatzen duelako, ez zentzugabekoak Mugika jaunak [Hirigintza zinegotzia] esaten duen moduan”. Bestetik, “aldarrikapen hauen balio juridikoa Madrilen aztertuko dute, eta ikusteko dago helegitearen ibilbidea motza edo luzea izango den”, esan du Zarandonak, zinegotziaren berbei erantzunez.

Helegitean, koordinakundeak eskatu du atzera bota dezatela Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aurreikusitako erabaki bat: Pulla Azkarretako nekazari lur eremu batzuk industriarako urbanizagarri bihurtzeko erabakia. EAEko Auzitegi Nagusiak ez zien onartu helegite hori, eta Espainiako Auzitegi Gorenera jotzea erabaki zuten.

Joan den asteko eguenean iritsi zitzaien onarpenaren albistea. “Berri hau oso ona da Elorriorako, eta baita, oro har, ingurumenaren iraunkortasunerako ere”, adierazi du Zarandonak.

Horrez gain, berriz ere azpimarratu dute lurralde plan partzialak beren-beregi barneratu zuela nekazaritza lur eremu horiek industriarako izateko aukera. “2011ko apirilaren 14an onartu zuen udalbatzak behin betiko Pulla Azkarretako eremuari erabilera industriala ematen zion plan orokorra. Bestalde, 2011ko uztailaren 26an onartu zen behin betiko Durangaldeko Lurralde Plan Partziala”. Antzeko arazoak dituzten herriei bide berari jarraitzeko deia egin die Zarandonak.