Lanak hasteko baimena eman dio Abadiñoko Udalak Burger King enpresari

Oniritzia jaso du Burger King multinazionalak, Abadiñoko Eroski hipermerkatuaren ondoan zabalduko duen lokalean obrak egiten hasteko. Izan ere, horretarako behar zuen azken lizentzia eman dio udalak. Dena den, zigor espedientea ere zabalduko dio enpresari, joan den urrian abiatu zituelako lanak, horretarako baimenik izan gabe.

Herrian sortu den polemikaz jakitun, Jose Luis Navarro alkateak adierazi du “legea bete” egin dutela. “Jatetxe bat jartzeari uko egiten badiogu hanburgerrak gorroto ditugulako, prebarikazio delitu bat egiten ariko ginateke”.

Udalak ez ditu onartu, beraz, Bizkaidendak eta Dendak Bai Bizkaiko eta Durangaldeko merkatarien elkarteek aurkeztutako alegazioak. Herriko araudia LZP Lurralde Plan Partzialera egokitu bitartean multinazionalari baimen gehiago ez emateko eskatu zuten.

Udalak duen txosten juridikoaren arabera, “egia da proiektua ez datorrela bat LZPrekin”. Hala ere, azaldu dutenez, horrek ez dio eragozten udalari hirigintza antolamenduarekin jarraitzea. Txostenaren arabera, legeak komertzioei euren jarduera aldatzea ahalbidetzen die, eremu komertziala eta haren inguruan eraiki daitekeen eremua handitu gabe.