“Epaia bete behar izatea heriotza sententzia bat izango litzateke”

Busturialdeko alkate guztiek babesa eman diote Ibarrangeluko udalbatzak Arketako kanpinari buruz aurkeztutako proiektuari. Jesus Mari Ziluaga alkateak eman du barikuan sinatutako manifestuaren helburuen berri.

Zer aldarrikatu duzue Busturialdeko herri guztietako alkateek?

Manifestu txiki bat sinatu dute denek. Babesa eman diote Ibarrangeluko udalbatza osoari desafektazioaren eskaeran; hau da, izaera publikoa duen kanpinari erabilera publikoa kentzearen aurka agertu dira. Horretarako, kontuan hartu dugu Urdaibaik bi zutabe nagusi dituela: bata, ingurugiroa zaintzea, eta, bestea, garapen iraunkorraren aldeko apustua egitea. Kanpinaren lurrak Urdaibaiko legediaren barruan geratzea aldarrikatu dugu.

Garapen iraunkorrari dagokionez, kanpinari erabilpen publiko handiagoa ematea eskatu dugu, kanpin iraunkor eta ekologiko baten bitartez. Egitura edo eraikuntza aldatzea ez ezik, erabilpen publiko handiagoa ematea ere bada helburua, horretarako hezkuntzaren arloari erreparatuz; hau da, gela didaktiko bat eratuz. Argi daukagu Urdaibain gauzak ezin direla edonola egin. Horrek ez du esan nahi gauzak geldiarazi egin behar direnik; galbahe berde batetik pasatuta egin behar dira.

Auzitegi Gorenak 2010ean kanpina botatzeko epaia eman zuen. Zer egin dezakezue hori ikusirik?

Egoera larria bada ere, Espainiako Gobernuarekin harremanetan gaude epaia zelan gauzatu adosteko. Sententzia argia da, baina ezin da bete; ez osorik, behintzat. Izan ere, epaiak dio lurrak berreskuratu eta lehengoratu egin behar direla. Lehen padura bat zenez, padura berreskuratu egin beharko litzateke. Horretarako, baina, 1964an egindako errepidea apurtu egin beharko litzateke; hori ezinezkoa da, ordea. Argitu egin behar da, gainera, lur horiek 1934. urtean lehortu zirela, eta orduan utzi ziola padura izateari. Kanpina ez zen izan eremu horrek bere ezaugarri naturalak galtzearen erantzulea.

Beste alde batetik, Kosta Mugapeak duen proiektua ez da ingurumen proiektu bat. Aurreikusten du 42 aparkaleku egitea, eta 10.000 metro koadroko askaltegi bat. Gainerako 4.000 metro koadroetan, munarria apurtu eta hareatza jarri gura dute. Epaiak agintzen duena ez da beteko. Beraz, sententziagaz noraino iritsi eta beharginen lanpostuei nola eutsi adostu gura dugu. Bestalde, desafektazioaren bidez mugatze marra beste leku batera eraman gura genuke, kanpin iraunkor baten jarduerari bide emateko.

Zein jarrera agertu dizue Espainiako Gobernuak?

Jarrera, berez, ona da, baita harremana ere. Eusko Jaurlaritza ere inplikatu da. Alkateen babes honekin adostasun sozialaren erakustaldi bat egin dugu Espainiako Gobernuaren aurrean. Nekez gauza daiteke proiektu bat herritarren adostasunik gabe. Kosta Mugapearen proiektuak ez dauka adostasunik, eta ez ditu aipatzen izango lituzkeen ondorio sozial latzak.

Zuen proiektuak aurrera egiteko itxaropena daukazue, beraz.

Bai, lan asko egin behar dugu, baina itxaropena badaukagu. Erabaki egin behar dugu, zirt edo zart, zer egin. Kanpina kentzen bada, zein alternatiba dugu herri gisa? Zein da iraunkortasunaren bidea? Iraunkortasunak esan gura du bertoko herritarrek bertoko elementuekin bizi behar dutela. Gure erreserbatik lanera kanpora atera behar bagenu, benetako indigenen erreserba bat izango ginateke. Beraz, epai hau bete behar izatea heriotza sententzia bat izango litzateke.