“Meditazioa da buru osasunaren gakoa”

Roberto Alzibar Martinez (Bilbo, 1959) estresa eta antsietatea murrizteko eta kontrolpean izateko Mindfulness teknika irakaslea da. Metodo horren bidez, meditazioa landu eta buruko pentsamenduak kontrolatzen ikasten da. Alzibarrek zeraman eromenezko lan martxak osasun arazo larri bat nozitzea eragin zion. “Bizitzak emandako bigarren aukera hori aprobetxatu, ohiturak aldatu eta meditazioak dakartzan onurei ateak zabaltzea erabaki nuen”, ekarri du gogora. Mindfulness teknika ezagutu, eta, egun, bi urte daramatza irakasle moduan. Urte osoan, Bilboko Espazio Urdina zentroan ematen ditu ikastaroak. Asteburuan, tailer praktikoak gidatu ditu Santurtzin eta Bilbon.

Une oro bizitzaz gozatzea aholkatzen duzu. Zergatik eragiten du antsietatea iraganean edo etorkizunean pentsatzeak?

Askotan, gauzak modu automatikoan egiten ditugu, eta ez diegu arretarik jartzen; hori dela eta, gure ardura pentsamenduetara desbideratzen da. Burura datozkigun gogoetek iraganarekin zerikusia izan ohi dute; gertatu zaigun edo egin dugun zerbaiten inguruan bueltaka hasten gara. Bestela, etorkizuneko kezkak etortzen zaizkigu burura. Pentsamendu horiek guztiak ez dira errealak; norberak buruan eratzen dituen filmak baino ez dira. Oraindik gertatu ez zaigun horretan etengabe pentsatzeak estresa sortzen du, eta gaixotasunak pairatzea eragiten digu. Depresioa eta mota horretako patologiak arazoen edo gertaeren inguruan etengabe pentsatzeagatik sortzen dira. Gainera, bueltaka ibiltzeak ez ditu konponduko gure arazoak, okertu baizik. Mindfulness teknikak, bada, pentsamendu erreflexibo horiek mozten ditu.

Zer lantzen da teknika horrekin?

Meditazioa burua trebatzeko entrenamendu onena da, eta, Mindfulness teknikaren bidez, horrekin zerikusia duten ariketak egiten dira. Geure buruari adi erreparatzea baliabide eraginkorra da burmuina lantzeko, eta, hausnartzen dugunean, egoerak objektibotasunez hautemateko gaitasuna garatzen dugu. Haiengandik aldentzen gara, nolabait esateko, eta modu arrazionalagoan begiratzen diegu.

Zein ariketa egin ditzakegu Mindfulness teknikarekin?

Arnasketari errepara diezaiokegu, adibidez. Arnasa gorputzean nola sartu eta irteten den sentitu; hau da, gorputzak sortzen duen erritmoari arreta jarri. Modu horretan, gainontzekoa ahaztu, eta buruaren gaineko kontrola lantzen dugu. Pentsamenduek gu gidatzen gaituztenean, ez dugu errealitatea argi ikusten. Zeure burua kontrolatzen ikasten duzunean, pentsamenduei jaramon egiteko edo ez egiteko gaitasuna lortzen duzu, eta, ondorioz, aukerak egiteko erabateko askatasuna lortzen duzu. Meditazioa da, zalantza barik, buruko osasunaren gakoa.

Serio hartzen al dugu estresaren arriskua?

Estresa XXI. mendeko pandemia da; hala ere, ez dugu batere serio hartzen. Gaur egun oso ohikoa da, eta elkarrizketa askotan esaten dugu estresa dugula. Inguruko solaskideek guk esandakoari garrantzia eman ez, eta haiek ere nozitzen dutela adierazten dute sarri. Baina estres iraunkor batek, lehenago ala beranduago, gure osasunean eragina izango du. Pertsona bakoitzaren arabera, sintomak desberdinak izaten dira: ilearen erorketa, nekea, desoreka digestio aparatuan, bihotzekoa edo beste zenbait eritasun. Estresak sortzen dituen ondorioak berehalakoak ez direnez, ez diegu ematen irtenbiderik. Pertsona ugarik izaten dituztenez, bizitzak horrelakoa izan behar duela pentsatzen dugu. Bizimodu gaixotia izatera ohitzen ari gara.

Arazoen inguruan dugun portaerak ere eragiten al du?

Zalantzarik gabe. Esaterako, hegazkin bat hartzeak estresa eragin diezaioke pertsona bati, baina beste batentzat ez du garrantzi berezirik izango. Egoera bera da guztiontzat, baina erreakzioek eta sentipenek baldintzatuko dute noraino eragiten digun.

Edonork nozi dezake antsietatea edo estresa. Mindfulness ariketak erabilgarriak al dira guztiontzat?

Mindfulness ariketak oso sinpleak dira, eta guztiok praktikatu ditzakegu; ez dago bereizketarik. Hala ere, kolektibo batzuek estresa edo antsietatea izateko probabilitate handiagoak dituzte. Larrialdietako mediku edo suhiltzaile batek estres erreala nozi dezake, ez guk geure buruan sortzen duguna. Egoera horietan izaten duten jokaerak baldintzatuko du buru osasunaren oreka.

Gaur egun, bizimodu azkarra daramagu. Zer egin dezakegu estresa txikitzeko?

Errutina berriak hartu behar ditugu, ohitura berriei heldu. Ondorengo minutuetan edo datozen egunetan egingo ditugun gauzei buruz pentsatzen ematen dugu eguna. Aldaketa erraza da, baina entrenamendu bati jarraitu behar diogu. Mindfulness metodoak proposatzen dituen ariketak errazak dira egiteko, eta bizi garen uneaz gozatzeko aukera ematen dute. Zer behar dugu? Teknika horretan, jarraian jarduteko joera eta entrenamendua. Hori eginez gero, guztiok hobetu dezakegu geure buruko osasuna. Denbora ematea eta interesa izatea ezinbestekoak dira.