Zein duzu nahiago?

Garai batean ugariak ziren gure inguruetan kea botatzen zuten tximinia luzeak. Etxe alboan genituen fabrikak. Egun garai horiek gogorarazteko tximinia luzeak baino ez dira geratzen, eraitsi zituzten eraikinak eta fabrika zegoen lekuan, langileen hotsak entzun beharrean, txakurren zaunkak entzuten ditugu, eta korrikalariak, korrika egiten. Erreka alboan ontziola beharren museoa dago, eta garabi erraldoiak jauregian egiten du gerizpea. Baina erreka ertzetik jarraituz, oraindik bada irla bihurtu ez den penintsula, eta han arraunlariez gain hutsik geratutako pabiloiek bizia hartu dute. Langileek okupatu dituzte, sormen fabrika txikiak bihurtu dira. Eraikin batzuetan zirku langileak topatu ditugu, besteetan musika sortzaileak, auzoa grafitiz bete dituzten artistak eta seigarren pabilioian aktore eta ikusleak elkarren artean topatu ditugu. 2011an ireki zituen ateak lehenengoz 6. Pabiloiak, antzerki munduko jende talde batek sortu eta kudeatzen duelarik. Ordutik hamaika proposamen ekarri dituzte Erriberara. Bertakoak, urrutikoak, errekaren alde batekoak zein bestekoak ikusi ahal izan ditugu. Azken asteburuetan teatro arinez bete dituzte txoko guztiak. Agudo, bizkor, azkar gozatzen diren istorio txikiz bete dute. Ikuslea, bere plana egin, eta batetik bestera ibili da, istorio txikiz gozatzen, aktoreen arnasa eta begirada gertutik bizitzen. Ia aktorearen musua jaso dugu, eta berarekin batera zerura begira su festa ikusi dugu. Pieza txikiak, espazio txiki eta gertuan aurkeztuak. Bakarra edo guztiak ikusteko aukera arratsalde batez, zale batentzat teatro festa ikaragarria. Taula gainean bertako aktore ezagun eta ez hain ezagunak. Zineman ikusitakoak eta antzerki eskolatik ateratakoak. Zenbatetan galdetuko dio kazetariak aktoreari: “Zineman eta antzerkian egin izan duzu lan; bietako zein duzu nahiago?”. Desberdinak dira, baina bat aukeratzekotan antzerkiarekin geratzen naiz. Antzerkiak gehiago betetzen nau, Erriberako atari eder batean aktoreekin batera sentitu eta begiak itxita istorioa entzun egin dut, bertako soinuak belarrietatik sartu eta beste mende batean kokatu naute, labanak odolik ez badu ere beldurra sentiarazi dit. Fokuaren argia kulunka ibili da hegoaldeko haizeri esker. Klinikako Pabiloi 6an barrenatu, esperientzia bizi eta sendatuta atera gara. Erriberan aurrera egin eta auto hilerrira heldu gara. Autoa bertatik ateratzeko isuna pagatu, eta zin egin dugu hurrengoan autoa ondo aparkatuko dugula eta Erriberan eskumara dauden eraikinetan galdu egingo garela, hori dugu nahiago, ez ditugulako udaltzainen garabiak maite.