Bilboko Sabino Aranako sarbidea eraitsi bai, baina bertako bizilagunek ez dute kalte-ordainik jasoko. Hala erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak. Basurtuko auzo elkarteko kideek aurkeztutako eskaera, beraz, ez du onartu.
2008an abiatu zuten prozesua Bilboko auzo horretako 150 familia eta merkatari inguruk. Bizkaiko Foru Aldundiaren aurka egin zuten, 38 urtez Bilborako sarbide nagusia zen errepidearen kudeaketaren arduraduna zelako erakunde hori. Joan den udan ekin zieten hura eraisteko lanei.
Osotara, bost milioi euroren kalte-ordainak eskatu zituzten. Errepide horretan egunero zebilen zirkulazioaren zaratak etxeetan eta saltokietan eragindako kalte moral eta ekonomikoak argudiatu zituzten eskaera hori egiteko. Epaiak, ordea, ukatu egin die eskatutakoa. Epailearen erabakia, gainera, irmoa da; beraz, ezin izango dute horren aurkako helegiterik aurkeztu.
Basurtuko bizilagunek Nafarroako Unibertsitate Publikoari eskatutako zarataren gaineko azterketa ez da nahikoa izan auzitegiak arrazoia emateko. Izan ere, epaiaren arabera, “ez da frogatu eskatzaileen etxe eta lokalen barruko zarataren tamaina legez kontrakoa izan denik”. Horrez gain, auzitegiak adierazi du eskatzaile gehienen etxeak eta lokalak 1974. urtearen ostean egindakoak direla. Hau da, une horretan zubibidea eraikitzen ari ziren, hurrengo urtean zabaldu baitzuten errepide hori. Gainera, epaiaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak “hobekuntzak” egin ditu ordutik, “zubibideak sortzen dituen zaratak murriztu eta eragin ditzakeen kalteak gutxitzeko”.
Bizilagunak ez daude ados
Basurtuko bizilagunak ez daude erabakiarekin ados. Hala ere, “errespetua” agertu diote. Ohar baten bitartez, gogora ekarri dute 2008an Interbiak foru sozietateari eta foru aldundiari azalpenak eskatu zizkiela. Bilborako sarbide berrien lanak zergatik ez zituzten abiatu galdetu zuten harako hartan, “behin eta berriz” atzeratzen ari zirela ikusten baitzuten. “Ez genuen inongo azalpenik jaso”, esan dute. Horren ondorioz eskatu zuten zaratari buruzko azterketa. Azterketa horren emaitzak izan dira auzitegian aurkeztutako “froga nagusia”.
“Basurtuko Auzokoen Elkarte gisa ezin gaitezke erabakiarekin ados egon. Hala ere, errespetatu egiten dugu”, azaldu dute. “Auzi jartzaileek ez dute, gure ustez, legez zegokien kalte-ordain ekonomikorik jasoko”, esan dute. Dena den, pozik agertu dira zubibidea desagertzeko prozesua martxan delako.
Horrez gain, errepidea zegoen lekuan Bilboko Udalak “dagokion ekipamendua izango duen” etorbide bat jarriko duela ekarri dute gogora. Auzo elkarteak uste du afera horri esker erakundeek ikusi dutela gai publikoen alorrean herritarrek parte hartzea beharrezkoa dela. Gainera, esan dute hamarkada hauetako borrokak auzoaren aitorpena ekarri diela saritzat: “Basurtu bizi garen hiriko parte da jada, eskubide guztiekin; baita guztion artean aurre egingo diegun zailtasun guztiekin ere”.