Basauri, Arrigorriaga, Galdakao eta Urduñako udalek Rockein musika banda gazteen lehiaketa antolatu dute bigarren urtez. Egitasmoaren helburua Hego Euskal Herriko musika proiektu berriak sustatzea da. Asteon ireki dute izena emateko epea. Martxoaren 21era arte egongo da zabalik.
Iazko ekitaldia “arrakastatsutzat” jo dute Hego Uribeko lau udal horietako ordezkariek; Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 85 talde edo bakarlari aurkeztu ziren. Aurten marka hori hausteko asmoa agertu dute.
Bakarlari edo taldeek aurkeztutako grabazio guztien artetik sei aukeratuko ditu epaimahaiak. Finalista horiek Basauriko Sozial antzokian emango dute kontzertu bat elkarrekin, maiatzaren 3rako antolatu duten jaialdi batean. Han ikusi eta entzundakoarekin erabakiko du epaimahaiak zeintzuk izango diren aurtengo talde irabazleak.
Sortutako materiala grabatu, ekoitzi eta masterizatzea izango da sari nagusia. Profesionalen eskutik egingo dute. Gainera, Bizkaiko kontzertu areto garrantzitsuenetan jotzeko aukera ere emango zaie. Eta MAZ Basauri jaialdian ere parte hartuko dute, gonbidatu berezi modura. “Aurten MAZ jaialdian jotzeko aukera sartu dugu, talde ospetsu batekin batera Sozial antzokian zuzenean jo dezaten, edo kaleko ekitaldien programaren barruan. Bata edo bestea antolatzaileek erabakiko dute”, azaldu du Basauriko Udaleko Gazteria arloko zinegotzi Etorne Lexartzak. Talde irabazlea eta Hego Uribe eskualdeko talde onena aukeratuko dituzte. Azken sari hori jasotzeko taldea osatzen duen kideetako batek Basaurin, Arrigorriagan, Galdakaon edo Urduñan erroldatuta egon beharko du. Horrez gain, euskarazko talde onenak ere saria izango du: abesti bat ekoitzi eta grabatzea.
Iaz irabazi zuen taldeak, Iruñeko Radiofunkens proiektuak, Santana 27 aretoan joko du, datorren otsailaren 21ean. Bestalde, Galdakaoko Rro taldeak irabazi zuen eskualdeko talderik onenari dagokion saria; horiek, bada, Basauriko MAZ jaialdian emango dute kontzertua.