Frankismoa goratzen duen gurutzea kentzeko prozesua abiatu dute Lemoan

Lemoan sinbologia frankista kaletik desagerrarazteko lanari ekin diote. Azken osoko bilkuran, Lemoatxan, Gantzabal mendian dagoen gurutzea kentzeko erabakia hartu zuen udalbatzak. Udal gobernuaren (Bildu) eta EAJren botoek babestu zuten erabakia. PSE-EEko zinegotzia ez zen osoko bilkuran egon.

Erabakia hartu eta berehala ekin zioten lanari. Izan ere, udalak eta Lemoatx 1937 izeneko memoria historikoari lotutako herriko batzordeak hainbat bilera egin dituzte. Horrela bada, abiatua dute zer, noiz eta nola egin pentsatzeko prozesua.

Izan ere, mozio batek zabaldu dio bidea prozesu horri guztiari. “Ikur hauek guztiak kentzeko mozioa aurkeztu dugu, eta orain bigarren prozesua hasiko da”, azaldu du Mikel Garcia udaleko teknikari eta elkarteko kideak. Aurre egin beharko dioten arazo handiena ekonomikoa izango da. Hori dela eta, herriko jendearen laguntza beharko dutela nabarmendu du. Autokudeaketa litzateke, haren ustetan, aukeretako bat. Dena den, ez dauka zalantzarik prozesu osoa apurka gauzatuz joango dela.

Herrian bertan Franco diktadorearen garaia eta haren jarduerak goraipatzen dituzten sinbolo gehiago ere badaudela azaldu du udaleko teknikariak. “Lau sinbolo desberdin ditugu”, esan du. Hona zerrenda: batetik, etxeetan dauden Francoren garaiko Etxebizitza Ministerioko plakak; bestetik, herrian hasi eta Gantzabal mendira arte, hau da, Lemoatxara arte doan gurutze bidea dago. “Hamabi gurutze dira”, azaldu du. Eta gailurrean, zortzi metro inguruko gurutze bat —kentzea erabaki berri dutena— eta baseliza bat daude.

Gurutzearen eta ermitaren nondik norakoak ikertzen aritu direla azaldu du Garciak. Ikerketen emaitzek ez dute zalantzarako tarterik utzi. “Sinbolo erlijiosoez aparte, garaipen sinbologia frankista zutela aurkitu dugu”. Hain zuzen, gurutzea eta ermita emakume batek sustatuta egindakoak direla azaldu du. “Mola jeneralaren loba bat desagertu egin zen bertan, eta haren omenez altxatu zituen gurutze handia eta ermita”.

Erabakia dute batarekin eta bestearekin zer egingo duten: “Gurutzea bota egingo dugu. Ermitari dagokionez, haren egitura aprobetxatu egingo da”. Zituen ikur eta sinbolo erlijioso guztiak kendu egin dizkiote, eta erabilpena aldatuz aterpetxe bihurtzeko asmoa daukate.

Bilduren eta EAJren babesa izan du erabakiak, nahiz eta duela zenbait urte jeltzaleak gurutzea eta ermita mantentzearen alde azaldu ziren. Hala gogoratu du teknikariak: “1992an, EAJk mozio bat aurkeztu zuen lehenago aipatutako plakak eta gurutze bidea kentzeko eskatzeko. Ermitari eta gurutzeari, ordea, zentzu erlijiosoa ikusi zieten”.

Agiriak, froga gisa

Herrian sortutako batzordeak iaz zabaldutako ikerketaren emaitzen berri izan ostean, ordea, ez zuten zalantza izpirik izan. “Sinbolo eta eraikin horietan guztietan konnotazio frankistak daudela agerian uzten duten agiriak eta argazkiak plazaratu zituzten”. Esaterako, Gantzabal mendi gainean dagoen gurutzeak ondokoa zioen plaka bat zeukan: “A los que en defensa de una civilización dieron su vida por Dios y por España en esta peña. 5 de junio de 1937” (Zibilizazio bat defendatzeko, harkaitz honetan, Jainkoaren eta Espainiaren alde bizia eman zutenei. 1937ko ekainaren 5a). “Argi geratzen da, beraz, zein konnotazio daukan”.

Herrian dagoen gainerako sinbologia frankista ere kentzeko asmoa dute. Horretarako, lehenengo, “prozesu bat” zabalduko dute. “Herriko jendeak zergatik kenduko diren jakitea da helburua”.