Erabaki ala izan

Politikaz hitz egiten aritu ginen lehengo egunean kuadrillan; ez da euskaldunon artean ohikoa, baina erabakitzeko eskubidearen alde Gure Esku Dago ekimenetan parte hartzeko gogotsu zegoen lagun batek atera zuen gaia, bero-bero zegoelako. Berehala zapuztu zuen beste lagun batek haren zirrara: “Erabakitzeko eskubidea ez da existitzen”. Eta kristoren erretolika bota zigun erdi haserre: “autodeterminazio” eskubidea dela Giza Eskubideen Nazioarteko Gutunean (GENG) jasota dagoen antzeko eskubide bakarra eta herriek/nazioek determinatutakoa independentzia izan daitekeela, baina baita beste aginte modu batzuk ere (federazioa, autonomia… eta asimilazioa ere bai).

Giza katearen ilusiotik asimilazioaren hautura pasatu ginen zast batean; euskaldun izatetik borondatez espainiar izatera, alegia. Ezjakintasunak eraginda, isilik egon nintzen, eta, gerora, hariari tiraka ibili naiz. Argi dut eskubideak Nazioarteko Zuzenbidean jasota egoteak ez duela esan nahi beti eta edonon betetzen direnik (lan egiteko eskubidea ere jasota dago GENGn, eta begira non gauden!), ezta interpretazio ezberdinak eta hutsuneak ez daudenik ere. Izan ere, the right to self-determination horrek talka egiten du estatuaren lurralde-osotasunaren aldeko printzipioarekin, eta, orduan, “autodeterminazio eskubidea” kolonien kasuan edo estatuarekin ados jarriz gero baino ezin omen da lortu… eta, noski, gehienetan, adostasun hori ez da erdiesten. Ez al zarete ohartu nazio/herri gehiago dagoela munduan estatuak baino? Begi bistakoa da ez dagoela arauturik, nazioen nahiaren arabera, estatuen mugak nola aldatu behar diren.

Eta, orduan, nola da posible Kosovo independente izatea? Han, ez zen albaniarren eta serbiarren artean adostasunik egon; independentzia aldarrikapen unilaterala izan zen. Horrelakorik Nazioarteko Zuzenbidean jasota ez dagoen arren, haren kontrakoa ere ez da, antza. Dudarik ez espainiar araudia urratuko lukeela (izan ere, Espainia da Kosovo estatu gisa onartzen ez duten estatuetako bat). Baina forma aldetik dauden zalantzak edukien bidez gainditu daitezke; batzuek onartu ez arren, Kosovo hor dago. Beraz, eman diezaiogun edukia, formaz haratago: independente gisa autodeterminatutako herriak/nazioak estatuaren ezaugarriak eta egiturak garatuak baditu, nola ez da burujabe izango?

Eta dudarik ez dut Euskal Herrian herria/nazioa badagoela, Nazioarteko Zuzenbidean herri kontzeptuaren definizio bateraturik ez badago ere. Argi dago formei eta arauei kasu egin behar zaiela, baina arauak sortu eta eraldatu egiten dira edukien eta ekintzen ondoren.