Bermeo Bizirik taldeko kidea da Juan Jose Espina Martin (Palentzia, Espainia, 1949). Taldekideekin batera, Bermeoko saihesbidetik hirigunerainoko sarbide bat egin dezan eskatu dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Herritarren babesa lortzeko, sinadurak biltzeari ekin dio taldeak; bihar bertan, Bermeoko hainbat txokotan izango dira.
Zer eskatzen du Bermeo Bizirik taldeak?
Bermeoko saihesbidea egiten ari denez, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diogu bitarteko sarbide bat jaso dezan proiektuan; Bilboko errepidetik saihesbideak duen sarreratik 500 bat metrora, gutxi gorabehera. Alegia, herritik sartu eta irteteko balioko lukeen sarbidea gura dugu. Obrak berak sortutako inpaktuagatik gorabeherak izan ziren herrian, eta uste dut astakeria bat litzatekeela sarbide hori ez egitea. Hiru kilometroko saihesbidea da, eta alde bitatik soilik sar eta irten daiteke. Zirkulazioa arinduko du horrek; dena den, ez du erabat konpontzen, arazoak bertan jarraitzen duelako. Izan ere, herrira sartu-irten nahi duenak ez du horretarako aukerarik, ez bada bi muturretatik. Hala ere, seguru nago sarbide hori azkenean egingo dela, Bermeok arnastea bezain beharrezkoa baitu saihesbidetik herrirako sarbide hori.
Obrak sortutako inpaktua aipatu duzu. Zein eragin izan du?
San Migel auzoko herritarrei, esaterako, zenbait eragozpen ekarri dizkie saihesbidearen obrak. Oinez igo eta jaisten zirenek, adibidez, orain autoz edo Bizkaibusez igo behar dute auzora. San Andres auzoan, bestalde, aparkaleku bat kendu dute, obrako makineria baitute bertan. Askatasun Bidean ere, zenbait aparkaleku kendu behar izaten dituzte tarteka-tarteka, kamioiak handik igaro daitezen. Oraingoz, behin-behineko eragozpenak baino ez dira, baina jendea sufritzen ari da. Behintzat, sufrimendu horren truke ordainsaririk jasoko balute…
Eskatzen duzuen sarbide horrek, bestalde, zer onura ekarriko lituzke?
Bitarteko sarbide horrek zirkulazioa arinduko luke hirigunean; ekialdean bizi direnek, esaterako, ez lukete herri guztia zeharkatu beharko Bilborantz joateko, eta alderantziz. Gainera, bizia emango lioke herriari; bizi-kalitatea. Barruko zirkulazioa antolatzeko erraztasunak ere emango lituzke, eta, horrela, herria erakargarriago egiteko Bermeoko Udalak duen proiektua ere errazago gauzatu ahal izango lukete. Azken finean, herrian sartzea eta irtetea erraztuko luke; gaur egun, jendeak Almikeko bidea hartzen du, herriko zirkulaziotik ihes egiteko irtenbide legez, baina arriskuak ere baditu errepide horrek, estu samarra baita. Kalteak baino onura gehiago ditu sarbideak.
Sarbide hori, baina, nork egin beharko lukeela uste duzue?
Aldundiak dio hiri lursailak direla, eta, horrenbestez, udalaren konpetentzia dela. Eguneroko arazoa dago hor, konpetentziena. Ez litzateke arazorik egongo administrazio bakoitzak —kasu honetan, Bermeoko Udalak— ekonomikoki obra hori egiteko aukera izango balu, baina ez da kasua, udalak ez du dirurik eta. Dena den, uste dugu akordio bat lortu behar dutela, herria eskatzen ari den sarbidea egin dezaten. Udalak dirurik ez badu, lagun dezala foru aldundiak, baita Eusko Jaurlaritzak ere. Ez da soilik konpetentzien kontua; egiteko nahia ere izan behar da.
Aldundiarekin eta udalarekin harremanetan al zaudete?
Duela zenbait aste batu ginen Bermeoko Udalagaz; laguntza eskatu genion, eta ez zuen inolako eragozpenik jarri. Sinadura bilketarako orriak lagatzen utzi digute kultur etxean, Berh@z bulegoan, Turismo Bulegoan… Beraz, udalaren jarrerarekin oso pozik gaude, ez baitigu inolako arazorik jarri; guztiz kontrakoa, erabateko elkarlana baitago. Bizkaiko Foru Aldundiagaz, bestalde, ez gara oraindik batzartu. Sinadura bilketa bukatutakoan egongo gara, eta aurretik batzartzeko aukera ere eztabaidatzen gabiltza. Sinadurak eramango dizkiegu, bai udalari, bai aldundiari, esanez herriak sarbide bat behar duela halabeharrez.
Orain, garrantzitsua al da elkarlanean jardutea?
Beharrezkoa da guretzat. Udalak ere batera jarduteko asmoa duela erakutsi du, eta hori guretzat eta herriarentzat pozgarria da. Pentsatzen dut jarduteko orduan nork bere erak izango dituela, baina hori ere hitz eginez zuzendu daiteke. Guretzat garrantzitsua da haiek ados jar daitezen, eta badirudi helburu bera dugula guztiok: hirugarren sarbide hori egitea.
Herritarren artean ere babesa eskatu duzue, eta sinadurak biltzen hasi.
Abenduan hasi genuen sinadura bilketa, eta, Gabonetako oporretako geldialdiaren ostean, berriro ere martxan gara. Abenduan, esaterako, Gabonetako azoka antolatu zuen Bermeoko Udalak, eta, hori aprobetxatuz, bertan izan ginen gu ere. Esperientzia oso ona izan genuen: ordu bitan hirurehun sinadura baino gehiago jaso genituen, eta horrek asko animatu gintuen. Herritarren aldetik erantzun ona jasotzen ari gara, eta guk bezala pentsatzen duen asko dagoela konturatu gara. Joan den domekan ere, kalera atera ginen: Lameran eta Taraskan herritarren sinadurak biltzen aritu ginen. Guztira, bostehun sinadura baino gehiago jaso genituen. Gainera, alderdi politikoetakoak ere gurekin izan ziren, eta horrek poztu egiten gaitu. Bihar ere aterako gara kalera sinadura eske; 12:00etatik 14:30era, Lameran, Erriberan eta azokan izango gara. Ahalik eta gehien biltzeko asmoa dugu; horregatik, besteak beste alderdi politikoei, kultur taldeei eta dendei eman dizkiegu orriak. Bildutako guztiekin joko dugu gero foru aldundira.